Itxi

IKERKETA

Bi atxilotu oliba-olio ontziak aizundu eta Bizkaiko ostalaritza-establezimenduetan banatzeagatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Santurtzin egiten zituzten nahasketak, atxilotutako baten etxebizitzan, hain zuzen. Poliziak adierazi duenez, higienea oso eskasa zen eta ez zuen inolako osasun-kontrolik.

Atxilotuei konfiskatutako olio-ontziak. Iturria: Guardia Zibila

Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu eta bi gehiago ikertapean jarri ditu ditu, iruzur eta osasun publikoaren aurkako delituak egotzita, oliba-olioa faltsutu eta Bizkaiko ezkerraldeko hainbat ostalaritza-establezimendutan banatzeagatik.

Atxilotuetako baten etxebizitza zen, hain justu, olioa nahasteko erabiltzen zuten zentro klandestinoa, eta oso higiene egoera eskasetan aritzen zirela adierazi du Poliziak.

Ikerketa martxoan abiatu zen, Jaengo olio-kooperatiba ezagun baten presidenteak ohartarazi zuenean 5 litroko oliba-olio birjin estra ontziak saltzen ari zirela, horren markaren izenaz baliatuta.

Guardia Zibilak salatzaileetako baten ontzia eskuratuzea lortu zuen hura ikertzeko asmoz, eta egindako ikerketek ondorioztatu zuten bidoiaren edukia eta etiketa ez zetozela bat eskainitako produktuarekin.

Ikerketan zehar, agenteek ikusi zuten talde kriminaleko kideek oliba-olio birjina estra merkaturatzen zutela, aurretik aizundutako 5 litroko ontzietan, kalitate txikiagoko produktuak nahastuta edo kanpoko etiketak ordeztuta saltzen zituztela.

Santurtzi, Ortuella, Zierbena, Gallarta...

Prestatutako eta nahastutako ontzi horiek Santurtzi, Ortuella, Zierbena, Gallarta, Muskiz eta Portugaleteko zenbait taberna eta jatetxetara eramaten zituzten.

Urriaren 16an, Guardia Zibilak Santurtziko etxebizitza bat miatu zuen. Bertan, betetzeko prest zeuden garrafa eta botila ugari eta etiketa faltsutuak aurkitu zituzten, baita nahasketak egiteko hainbat tresna eta 65 litroko ontzi urdin bat. Horrekin batera, 11 miaketa egin zituzten ezkerraldeko hainbat udalerritako ostalaritza-establezimenduetan, eta aizundutako hainbat bidoi eta botila atzeman zituzten.

Orain arte bi pertsona atxilotu eta beste bi ikertu dituzte osasun publikoaren aurkako delituengatik, elikagaiak faltsutzeagatik, iruzur egiteagatik, jabetza industrialaren aurka egiteagatik eta talde kriminaleko kide izateagatik.