euri denboralea
Jaurlaritzak baieztatu du Valentziako uholdeetan ez dela EAEko herritarrik hil edo desagertu
EITB MEDIA
Bestalde, Jarlaritzak jakinarazi du hurrengo orduetan Valentziara bi helikoptero bidaliko dituela, erreskate lanetan laguntzeko: bata salbamendu eta sorospenerako erabiltzen dutena, eta, bestea, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek suteei aurre egiteko alokatuta dutena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak ziurtatu duenez, oraingoz ez dago Valentziako uholdeetan hildako edo desagertutako EAEko herritarrik. Nolanahi ere, adierazi du bart Valentziako Erkidegoan "artatu ezineko" dei dezente jaso dituela SOS Deiak zerbitzuak, goietako borraskak eragindako hondamendia dela eta. Gaineratu duenez, bi helikoptero bidaliko dira hurrengo orduetan Euskaditik inguru horretara, lehen laguntza gisa.
Eusko Jaurlaritzak "une latz honetan" kaltetutako erkidegoei elkartasuna adierazi ostean, Zupiriak azaldu du Valentziak gaur goizean jakinarazi diela lehendabizi erreskateetan laguntzeko baliabide materialak behar dituztela, lehendabizi, eta, egun batzuen buruan, lurreko baliabideak.
Hori dela eta, bi helikoptero jarri dituzte Valentziako Generalitatearen esku, bata salbamendu eta sorospenerako erabiltzen dutena, eta, bestea, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek Euskadiko suteei aurre egiteko alokatu zutena, Valentzian ekipoak eta materialak garraiatzeko balioko duena.
Bi helikopteroak prest daude Valentziara joateko. Gainera, Eusko Jaurlaritza harremanetan dago suhiltzaileekin giza baliabideak bidaltzeko, baina oraindik ezin dira bidali, errepideak itxita baitaude.
Imanol Pradales lehendakariak bide beretik hitz egin du eta elkartasuna eta babesa helarazi die euri denboraleak eragindako biktima guztiei, eta adierazi du gaur bertan Euskaditik bi helikoptero bidaliko dituztela Valentziara, laguntza lanetarako.
Gaineratu duenez, Carlos Manzon Valentziako Generalitateko presidentearekin harremanetan dago, eta Euskadi behar duten laguntza guztia eskaintzeko prest dagoela jakinarazi dio, eta laguntza hori guztia prestatzen ari direla. "Izugarrizko txikizioa da Valentzia eta beste erkidego batzuk jasaten ari direna", esan du, "drama itzela", gaineratu du.
Bide beretik, Bingen Zupiria elkartasuna helarazi die Valentziako herritarrei, baita Mediterraneoko gainerako lurraldeetako ordezkariei ere. Horrekin batera, lehendakaria eta Euskadiko larrialdi zerbitzuak Valentziakoekin harremanetan daudela azpimarratu du, Jaurlaritzak eta instituzioek zer laguntza eman ahal duten jakiteko, hango beharrizainen aurre egiteko.
Zupiriak nabarmendu du, une honetan aire baliabideak direla presazkoenak, baina aurrerago lurrekoak ere beharko dituztela: "Oraingoz, ez dago besterik". Hala, azaldu du bi helikoptero prestatzen ari direla Valentziara bidaltzeko; bata Ertzanitzarena, zaintza eta erreskate taldeetan laguntza ematen duena, eta, bigarren bat, Aldundiek alokatutakoa, basoetako suteak itzaltzeko. Azken hori pertsonak eta materialak bidaltzeko balioko dute.