Indarkeria matxista
Bi urteko zigorra Iruñeko gizon bati, 16 urtez azpiko alabari sexu eraso jarraituak egiteagatik
Agentziak | EITB Media
56 urteko iruindarra zaintzapean aske izango da espetxetik atera eta hurrengo bost urteetan; ezingo da bost urtez biktimarekin komunikatu ez harengana 300 metro baino gutxiagora gerturatu. Horrez gain, tarte horretan galduko ditu guraso-ahala, zaintza, tutoretza edo harrerarako gaitasunak.
Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak bi urteko espetxe zigorra ezarri dio 16 urtez azpiko alabari sexu eraso jarraituak egiteagatik.
Sententzian agertzen denez, frogatuta geratu dira erasoak, eta akordiora iritsi dira fiskaltza, akusazio partikularra eta defentsa. Aldeen arteko akordioaren aurretik, 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak.
56 urteko iruindarra da auzpizetua eta zaintzapean aske izango da espetxetik atera eta hurrengo bost urteetan; ezingo da bost urtez biktimarekin komunikatu ez harengana 300 metro baino gutxiagora gerturatu ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak azaldu duenez.
Erantzukizun zibilari dagokionez, zigortuak alabari 10.000 euroko kalte-ordaina ematea jaso du sententziak. Epaiketa aurretik ordaindu zuen dagoeneko kopuru hori eta aringarri gisa aplikatu zaio zigorra kalkulatzerakoan.
Era berean, guraso-ahala, tutoretza, zaintza edo harrera-eskubideez baliatzeko desgaikuntza berezia ezarri zaio akusatuari 5 urteko epean.
Akusatuak bi alabetatik zaharrenari maiz egin zizkion ukituak, eta, alabari begira ere "zehaztu gabeko aldietan" masturbatzen zen, baita hari hitz lizunak esan ere.
Gertaera horien ondorioz, biktimak "kalte psikologikoak ditu, antsietate-sintomak (kontaktu fisikoarik nahi ez izatea) eta egokitzapen pertsonalerako eta sozialerako zailtasunak; ondorio horien bilakaera positiboa izan bada ere, bere buruarekiko segurtasunik eza nabarmena da, bai eta pertsonengandik urruntzeko joera, kontaktu fisikoa ezin jasatea eta egokitzapen pertsonal eta sozialerako zailtasunak ere".