Valentzia
Generalitateak toki berera deitu ditu boluntario guztiak, laguntza antolatzeko eta sarbideak ez oztopatzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Esker ona" adierazi die laguntzen ari diren pertsonei, baina galdegin die kaltetutako lekuetara ez joateko, eta ibilgailu partikularren zirkulazioa murriztu du asteburuan gehien kaltetutako udalerrietara sartzeko bideetan, funtsezko zerbitzuak errazago ibil daitezen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak boluntarioei larunbatean, 7:00etan, Valentziako Arte eta Zientzien Hirian egon daitezela eskatu die, lantaldeak antolatzeko eta ordenaz eta segurtasunez eramateko, taldeka, laguntza behar duten lekuetara.
Mezu instituzional batean, Mazonek azaldu du Valentziako leku horrek boluntarioak hartzeko zentro gisa funtzionatuko duela, Valentziako herriari eskaintzen ari zaizkion laguntza eta elkartasuna bideratzeko.
Mazonek eskerrak eman dizkie boluntarioei, eta esan du "erreferentzia" izaten ari direla erakutsitako elkartasunagatik.
Valentziako Gobernuak eskatu du inor ez dadila goialdeko depresioak bortizkien kaltetutako herrietara joan, ez oinez, ezta autoan ere, toki horietako sarbideak jendez betetzen ari direlako, eta, ondorioz, larrialdi zerbitzuen lana oztopatzen dabiltzalako.
Generalitateak "esker ona" adierazi die laguntzen ari diren pertsona guztiei, baina galdegin die kaltetutako lekuetara ez joateko, sarbideak jendez betetzen ari direlako, "larrialdi zerbitzuei lana eragotziz".
Bestalde, Valentziako errepideetan joan-etorriak saihestea gomendatu du Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak, arrazoi bera tarteko.
Zirkulazio mugatua udalerrietako sarbideetan
Valentziako Generalitateak erabaki du ibilgailu partikularren zirkulazioa murriztea gehien kaltetutako udalerrietara sartzeko bideetan. Vicente Martinez Mus Azpiegitura kontseilariak iragarri duenez, agindua asteburu osoan egongo da indarrean. Debekatuta geratuko da autoz ibiltzea zenbait bidetan, funtsezko zerbitzuentzat eta uraren, energiaren, komunikazioen eta elikagaien hornidura bermatzeko ardura duten enpresentzat izan ezik.
Gainera, salbuetsita geratuko dira adinekoei, adingabeei, mendeko pertsonei, desgaituei edo bereziki kalteberak direnei laguntzeko eta zaintzeko herrietan sartu behar direnak.
Kontseilariak nabarmendu du "garrantzitsua" dela laguntza bideratzea eta ahalik eta eraginkorrenak izatea, "Valentziako Erkidegoak pairatzen duen zorigaitzari aurre egiteko". "Eta antolatzeko moduak neurri horiek eskatzen ditu eraginkorragoak izan ahal izateko", errepikatu du.
WhatsApp kanal bat zabaldu dute laguntza bideratzeko
Generalitateak, beste erakunde batzuen laguntzarekin, WhatsApp kanal bat zabaldu du (bost telefono zenbakirekin), herritarren eta erakunde zein enpresen laguntzak bideratzeko. Horrekin lortu nahi dute laguntza "modu eraginkorrean" bideratzea, lehentasunak aintzat hartuta.
Eskualdearen arabera, telefono batera edo bestera deitu edo idatzi beharko dute herritarrek: Utiel, 659289726; Horta hegoaldea, 682177249; Erribera, 619975059; Hoya de Buñol 690027099, eta Castello, 679161664.