Itxi

Migrazioa

841 pertsona migratzaile iritsi dira 24 ordutan Lanzarote eta Hierrora, hamairu ontzitan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

73 emakumeak dira eta 31 adingabeak. Gainera, Itsas Salbamendua beste bi kaiukoren bila abiatu da larunbat gauean, Hierroko uhartetik hegoaldera, horietako bat 200 miliara, zortzi pertsonareki, eta 90 miliara zegoen beste bat.

Erreskatatutako haurtxo bat Restingara iritsi den unea. EFE.

841 migratzaile iritsi dira Lanzarote eta Hierro uharteetara ostiral gauetik, Itsas Salbamenduak erreskatatutako hamahiru ontzitan

Hierron, Itsas Salbamendua beste bi kaiukoren bila abiatu da larunbat gauean, uhartearen hegoaldean; horietako bat 200 miliara dago, zortzi pertsonarekin -merkantzia-ontzi batek uretara salto egin duen pertsona bat erreskatatu du-, eta beste bat 90 miliara.

Lehen ontzia ostiral gauean iritsi zen Hierrora, 66 migratzailerekin -60 gizon, bost emakume eta adingabe bat-, Salvamar Adharak lagunduta.

Larunbat goizean beste bat iritsi da 58 pertsonarekin, tartean 5 emakume eta zehaztu gabeko hainbat adingabe.

Eguerdian beste 180 pertsona lehorreratu dira La Restingako portuan, tartean 41 emakume eta 20 adingabe.

Hirugarren txalupa bat iritsi da arratsaldean, 40 pertsonarekin, horietatik zazpi emakumeak eta bost haurrak.

Hierrora iritsitako ontzi horiei, larunbat honetan, Itsas Salbamenduak Lanzarote inguruko uretan erreskatatutako beste bederatzi ontzi gehitu behar zaizkie, guztira 497 lagunekin.

Larunbateko lehen orduan, 59 pertsona -horietatik 4 emakumeak eta bat adingabea- zeramatzan ontzi bat erreskatatu du Guardamar Uraniak Lanzaroteko kostaldean, eta Arrecifera eraman dute.

Itsas Salbamenduko ontzi berak bi pateratan zihoazen 106 pertsona erreskatatu ditu, eta, handik gutxira, Salvamar Al Nairrek ontzi pneumatiko batean zihoazen 50 pertsona gehiagori lagundu die. 

Gainera, Guardamar Uraniak pneumatika bat aurkitu du Lanzarotetik 15 kilometrora, Saharaz hegoaldeko 42 pertsonarekin, tartean 5 emakume eta 2 haur.

Ondoren, Guardamar Uraniak jatorri magrebtarreko 54 etorkin zeramatzan pneumatiko bat erreskatatu du Lanzarote inguruan, tartean 4 emakume, eta Arrecifera eraman ditu.

Lanzaroteko kostaldean ere, Concepción Arenal mugazainak hiru pneumatika erreskatatu ditu: bat, Saharaz hegoaldeko 56 migratzailerekin, horietatik 7 emakumeak eta bi adingabeak; bigarrena, 78 pertsonarekin; eta beste bat, 52rekin. Azken horiek ere Arrecifera eraman dituzte.

Guztira 841 pertsona dira erreskatatu dituztenak, behin-behineko zenbaketen arabera, eta gutxienez 73 emakume eta 31 adingabe daude horien artean.