Goialdeko borraska
Boluntarioen sarrera galarazi dute Valentziako 11 herritan, euriteak espero direlako
agentziak | eitb media
Alerta horia ezarri du Aemetek, eta Aldaia, Alaquas, Picanya, Sedavi, Paiporta, Benetusser, Alfafar, Massanassa, Catarroja, Albal eta Beniparrell herriei eragiten die. Hala ere, milaka boluntario neurria urratu eta udalerri horietara joaten saiatzen ari dira.
Cecopi koordinazio zentroak Valentziako 11 udalerritan, goialdeko borraskak gogorren jotakoetan, pertsonen joan-etorriak mugatzea erabaki du euriteengatik alerta horian egongo direlako. Horixe iragarri du bart Vicente Martinez Mus Ingurugiro, Azpiegitura eta Lurralde kontseilariak.
Gauerdira arte egongo da indarrean neurria, Valentziako aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
Boluntarioen sarrera galarazi egingo da Aldaian, Alaquasen, Picanyan, Sedavin, Paiportan, Benetusserren, Alfafarren, Massanassan, Cararrojan, Albalen eta Beniparrelen, kontseilariak zehaztu duenez. Izan ere, bota dezakeen euriak "zaildu egin dezake egoera are gehiago".
Martinez Musek esan do herri horietako alkateak ados agertu direla neurriarekin, eta horri esker, "segurtasun oldea ordenatu eta parte hartzaileen segurtasuna bermatu" nahi dutela, "herritarrekin batera lan egiteko arazoak izaten ari diren unitateen lana erraztearekin batera".
Milaka boluntario debekua urratu nahian
Milaka pertsonak gurutzatu dituzte Valentzia hiria l'Horta Sud eskualdearekin bereizten dituen zubiak, aurreko egunetan bezalaxe, berreskuratze lanetan laguntzeko, nahiz eta debekatuta dagoen udalerri horietara joatea.
Polizia ugari pilatu da aurreko egunetan boluntarioek erabili duten oinezkoen zubian, baina boluntarioek ondoan dagoen beste zubi bat baliatu dute helmugara iristeko.
Mariak Efe albiste agentziari adierazi dionez, "uste dugu erregea eta presidentea datozelako hartu dutela neurria, ez dute nahi ikustea herritarrak egiten ari direna. Herria da herriari laguntzen ari zaiona, zorionez edo zoritxarrez".
Boluntarioak zubia pasatzen. Argazkia: EFE
Alertak
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak alerta horia ezarriko du Valentzia Erkidegoan, Katalunian, Aragoin eta Murtzian.
Valentziako hiru probintzietan ezarriko dute alerta horia (arriskua), eta Castellon alerta laranja (arrisku handia) piztuko dute eguerditik aurrera ekaitzengatik.
Era berean, Tarragonan, Castellorekin mugakidean, alerta laranja egongo da indarrean eguerditik aurrera, eta Bartzelona eta Girona alerta horian egongo dira arratsalde erdira arte.
Teruel ekialdea ere alerta horian egongo da eguerditik aurrera, eta alerta maila bera izango dute Murtzian goizean, Cartagenan eta Mazarronen bereziki.
Boluntario kopuruaren beherakada
Valentziako Arteen eta Zientzien hirian gaur elkartu den boluntario kopurua atzokoa baino dezente txikiagoa izango da. Atzo baino beranduxeago abiatu dira autobusak goialdeko borraskak gehien kaltetutako udalerrietara, baina alertagatik herri batzuetan sartzeko ezintasunarekin.
Hala, boluntarioak Bugarra, Loriguilla, L'Alcudia, Guadasuar, Torrent, Castellar, Horno Alcedo, eta La torrera joan dira.
Boluntarioak Arteen eta Zientzien Hirian. Argazkia: EFE