Hondamendia
Valentzia, goialdeko borraskak bortizki kolpatu eta astebetera
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ofizialki, 215 dira hildakoak: lau Gaztela-Mantxan eta Andaluzian, eta gainerakoak (211) Valentziako probintzian. Ez dago jakiterik zenbat pertsona dauden desagertuta. Izan ere, leku askotan ura eta lokatza kentzen ari dira oraindik.
Amesgaiztotik esnatu ezinda jarraitzen dute Valentziako udalerri askok, Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) probintzia modu krudelean kolpatu eta astebetera. Suntsipena da nagusi oraindik Paiporta, Sedavi, Alfafar, Chiva eta Utiel udalerrietan eta Valentziako La Torre auzoan, besteak beste. 70 udalerri daude kaltetuta. Espainiako historia gertukoan izandako hondamendi natural hilgarrienak 200 hildakotik gora, zehaztu gabeko desagertutako pertsona kopurua, eta animaleko hondamendia utzi du etxebizitza, lantegi, errepide eta azpiegituratan. Elkartasunaren irudi ere bilakatu da Valentzia, eta milaka izan dira laguntzera joandako boluntarioak, eta Espainiako erkidego guztietatik iritsitako babes logistikoa.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur, asteartearekin, onartuko du goialdeko borraskak gehien kolpatu dituen guneak babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu izendatzea. Horrez gain, Gobernuak premiazko lege-dekretu bat ere onartuko du, kaltetuentzako laguntza ekonomiko, laboral eta fiskalekin. Valentziako Erkidegoaz gain, Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Katalunia eta Aragoi dira maila altuetan depresio isolatuagatik kalte gehien jasan duten eremu geografikoak.
Honakoa da egoera, zazpi egun igarota:
Gutxienez 215 pertsona hil dira, 211 Valentzian. Hildakoen zifra apenas mugitu da asteburutik. Joan den asteazkenean "hainbat" zirela aitortu zutenetik, tantaka-tantaka hazten joan da hildakoen kopurua: ostegunean, 50 bat ziren; larunbatean, 200etik gora. Larrialdiari aurre egiteko Datuen Integraziorako Zentroak egindako azken balantzearen arabera, 111 hildako identifikatu dituzte, eta 190 hilotzi autopsiak egin dizkiete. Larrialdietarako Unitate Militarrak (UME, gazteleraz) zehaztu duenez, 400 gorpu hartzeko gorputegi bat prestatu dute.
Desagertutakoen kopurua, zehaztu gabe. Valentziako Generalitateak desagertuta zeuden pertsonen berri emateko telefono zenbaki baten berri (900 365 112) eman zuen tragediaren biharamunean. Ordutik, baina, ez dute argitu zenbat diren. Desagertutzat jotako batzuk onik erreskatatu dituzte egunotan; beste batzuren berri ez dute oraindik. Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak bart aitortu duenez, Espainiako Gobernuko krisi kabineteak eta Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratuak (CECOPI) desagertutako pertsona kopuru "oso txikia" dela uste dute, baina ez daude "ziur" datuak errealitatearekin bat egingo ote duen.
Kalte material kalkulaezinak. Etxebizitza, lantegiak eta mota guztietako eraikinak urak eta lokatzak hartuta, dozenaka mila ibilgailu hondatuta, lupetzak "jandako" kaleak, hondakinez jositako bazterrak, erabilezinak diren errepideak... Ezinezkoa da oraindik GOIDIaren ondorio materialak zenbakitan jartzea. Lehen estimazio batean, Valentziako Generalitateak 10.000 milioi euroko kalteak zehaztu zituen industrian eta 1.873 milioikoak Hezkuntzan, Kulturan, Unibertsitatean eta Enpleguan. Carlos Mazon Generalitateko presidenteak 31.402 milioi euro eskatu dizkio Espainiako Gobernuari goialdeko borraskak eragindako kalteei aurre egiteko, eta "lehen dirulaguntza sorta" baino ez da. Valentziako Generalitatearen 2024ko aurrekontuen pare dago dirutza.
Larrialdi zerbitzu dispositibo zabala. Segurtasun indarren —militarrak, guardia zibilak eta Espainiako poliziak— ia 14.000 agente daude gaur-gaurkoz Valentzian. Horiei guztiei, 400 udaltzain, Generalitateko Poliziaren 103 agente, 42 erakundetako 1.700 suhiltzaile —dozenaka Hego Euskal Herritik joandakoak—, boluntarioak, eta psikologoak batu behar zaizkie. Baliabide materialei dagokienez, 560 orotariko ibilgailu, herritarrak artatzeko 4 bulego mugikor, unitate kriminaleko ibilgailu bereziak, 10 ontzi arin, 7 helikoptero eta 69 drone daude.
Garbitze- eta konpontze-lanak. Desagertutakoak bilatzeaz gain, garbiketa eta konponketak dira lehentasunezko. Izan ere, pilatutako urak gaixotasun gastrointestinalak eta eltxoak agertzea eragin dezake, eta hondakinek, zauriak. Uretan pilatutako hildako animaliek eta giza gorpuzkiek kutsadura barreiatu dezakete. Oraingoz ez da osasun publikoko arriskurik sortu, baina lehenbailehen erretiratu beharrekoak dira. Argindar zerbitzua % 98an berrezarri dute, eta kaltetutako herritarren % 93k ur hornidura berreskuratu dute. Dena dela, edateko, botilako ura gomendatzen dute, txorrotakoa garbitzeko erabili ahal bada ere.