Indarkeria matxista
Iñigo Errejon azaroaren 12an inputatu gisa deklaratzera deitu du epaileak, sexu-erasoa egotzita
EITB MEDIA
Elisa Mouliaa aktoreak jarritako salaketa ikertzen ari den magistratuak Sumar taldeko bozeramaile ohia datorren astearterako deitu du, eta, salatzailea, berriz, azaroaren 7rako, osteguna.
Madrilgo 47 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrak azaroaren 12an deklaratzera deitu du Iñigo Errejon Sumarren diputatu ohia, Elisa Mouliaa aktoreak salatutako ustezko sexu-eraso delitu batengatik.
Salatzailea izango da epaitegira joaten lehena, ostegun honetan, azaroaren 7an, egindako akusazioak berresteko; Sumarren bozeramaile ohia, berriz, bost egun geroago eseriko da akusatuen aulkian. Bi hitzorduak Madrilgo 47 zenbakiko Instrukzio Epaitegian izango dira, 09:00etatik aurrera.
Testuinguru horretan, epaitegiak abian jarri ditu Mouliaak Errejonen aurka ustezko sexu-eraso delitu batengatik jarritako salaketaren izapideak.
Elisa Mouliaa aktoreak urriaren 25ean jarri zuen Errejonen aurkako salaketa polizia-etxean. Errejon diputatu zela, 2021eko irailean, festa batean, sexu-erasoa egin ziola salatu zuen.
Aurretik, baina, Cristina Fallaras kazetaria izan zen lehena Iñigo Errejoni indarkeria matxista leporatzen zioten emakumeei ahotsa jartzen, sare sozial bidez. Horrek Sumarreko politikaria dimisioa ematera behartu zuen.
Salaketa anonimo horiei Elisa Mouliaa aktore eta aurkezlearena gehitu zitzaien. Hark X sare sozialean argitaratu zuen bere kasua, eta mezua publiko egin ondotik, epaitegian jarri zuen salaketa.
Magistratuaren lehen urratsa izan zen Kongresuari eskatzea Errejon diputatu ez zela egiaztatzeko ziurtagiria, Auzitegi Gorenak ikertu beharko ote zuen erabakitzeko.
Aktorearena, baina, ez da Errejonen aurkako salaketa ofizial bakarra, dimisioa aurkeztu eta lau egunera bigarren salaketa bat ere publiko egin baitzen.