Goialdeko borraska
Euskal instituzioak Valentziara laguntza ekonomikoa bidaltzeko aukera aztertzen ari dira
Agentziak | EITB MEDIA
Valentziako agintariek asteburuan esan zieten material nahikoa zutela, eta, beraz, oraindik ez dute jasotakoa bidali, eta hurrengo bidalketetarako gordeko dute, behar izanez gero.
Euskal instituzioak elkarrekin aztertzen ari dira Valentziako Erkidegora laguntza ekonomikoa bidaltzeko aukera, goialdeko borraskak eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, Valentziara bidalitako materialaz gain, "agian, uneren batean, laguntza ekonomikoak egokiak izan daitezke". Hala, euskal erakundeak aukera hori aztertzen ari dira eta, esan duenez, laguntza Gurutze Gorriaren edo Caritasen bidez bidera dezakete.
Era berean, azaldu du Valentziako agintariek asteburuan esan zietela nahikoa material zutela, hala nola arropa eta elikagaiak, eta, beraz, oraindik bidali ez dutena hurrengo bidalketetarako gordeko dutela, behar izanez gero.