COPERNICUS
Inoiz erregistratu den urterik beroena izateko bidean da 2024
EITB MEDIA
Munduko klima-aldaketa aztertzen duen Copernicus zerbitzuaren txostenaren arabera, erregistratutako gainazaleko airearen urriko batez besteko tenperatura 0,8 °C igo da 1991tik 2020ra hilabete horretan bildutako datuen aldean, eta 1,65 °C beroagoa da industria-aurreko mailekin konparatuta.
Joan den hilabetea historiako bigarren urririk beroena izan da erregistroak daudenetik, Europako Batzordearen mendeko Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) emandako datuen arabera. 2023ko urriak soilik gainditu du aurtengo datua.
Batez besteko tenperatura globala 15,25 °C-koa da, eta joan den urrian 1991tik 2020ra bitarteko hilabete bereko batez bestekoa baino 0,80 °C handiagoa izan zen. Horrela, industria-aurreko mailak 1,65 °C-tan gainditu dira, eta azken 16 hilabeteetako joerari eutsi zaio, 15 hilabetean 1850-1900 aldiko erreferentziazko mailarekin alderatuta 1,5 °C gora egin baitu tenperaturak.
2024an 10 hilabete igaro dira, eta Samantha Burguessek, C3Sko zuzendariordeak, ohartarazi du "ia segururtasun osoz" esan daitekeela erregistratutako urterik beroena izango dela aurtengoa, "eta industria-aurreko mailetan 1,5 °C-ko muga gainditzen lehena". Horregatik, deitoratu du "mugarria" dela tenperatura globalaren erregistroetan, eta hurrengo COP29an "anbizioa handitzeko katalizatzaile gisa" balio beharko lukeela azpimarratu du.
2024ko urtarriletik urrira, batez besteko tenperatura globalaren anomalia 1991-2020ko batez bestekoa baino 0,71 °C handiagoa izan da, aldi horretan erregistratutako baliorik altuena, eta 2023an sasoi berean baino 0,16 °C beroagoa. Hori dela eta, urte osorako tenperatura-anomaliak zerora jaitsi beharko luke 2024a historiako urterik beroena izan ez dadin.
Urrian, batez besteko tenperatura 10,83 °C-koa izan zen Europako kontinentean, 1991tik 2020ra bitarteko hil horretako batez bestekoa baino 1,23 °C beroagoa. Erregistratutako bosgarren beroena izan zen; 2022ko urria izan zen beroena, batez bestekoa baino 1,92 °C beroago.
Europatik kanpo, tenperaturak batez bestekoaren gainetik egon ziren Kanadako iparraldean, eta dezente gorago Estatu Batuetako erdialdean eta mendebaldean, Tibeteko iparraldean, Japonian eta Australian.
Bestalde, patroi bero horren salbuespena erdialdeko Groenlandia eta Islandia izan ziren, batez bestekoaren azpiko tenperaturak jasan baitzituzten.
Ekaitzak, uholdeak eta muturreko lehorteak
Tenperaturaren zifra errekorrei, munduko hainbat lekutan gertatzen diren muturreko fenomeno meteorologikoak gehitu behar zaizkie. 2024ko urrian muturreko prezipitazioak izan ziren Iberiar Penintsulan, Frantzian, Italiako iparraldean, Norvegian, Suediako iparraldean eta Itsaso Beltzaren ekialdean. Valentziaren kasua nabarmendu du Copernicusek, goialdeko borraska batek eragindako euri-jasek uholde larriak eragin baitzituzten eta 200 pertsona baino gehiago hil baitziren horien ondorioz.
Ekialdeko Europan, berriz, batez ere Errusian, Grezian eta Turkian, prezipitazioak eta lurraren hezetasuna batez bestekoaren azpitik egon ziren.
Bitartean, Estatu Batuetan, lehorteen eta ekaitz gogorren konbinazioak gogor kolpatu du herrialdea. Florida, adibidez, Milton eta Helene urakanek astindu zuten bi aste baino gutxiagoan, eta lehorte batek estatubatuar kopuru errekor bati eragiten dio asteotan.
Lehorte horien eragina beste leku batzuetara zabaldu da, hala nola Australiako erdialdera, Afrikako hegoaldera eta Madagaskarrera, eta Argentinako eta Txileko zenbait lekutara.