Itxi

goialdeko borraska

219 dira goialdeko borraskan hildakoak, Leturren bi hilotz topatu ostean; desagertutakoen kopurua 93ra igo da

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Horrez gain, 54 gorpu daude oraindik identifikatu gabe. Bien bitartean, denboraleak kaltetutako 78 udalerriak garbitzen eta berreraikitzen jarraitzen dute. Bederatzigarren eguna izanagatik, oraindik zaila da batzuetan zehar mugitzea, kaleak hondakinez josita baitaude.

Borraskak eramandako hondakin piloa Catarrojako (Valentzia) kale batean. EFE

Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) 219 hildako utzi ditu Valentziako Erkidegoan, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian, asteazkenean Leturren (Albacete) desagertuta zeuden bi pertsonaren gorpuak topatu ostean. 

Gauzak horrela, hildakoen zenbaketa modu honetara geratu da: 211 Valentziako Erkidegoan zendu dira; zazpi, Gaztela-Mantxan eta bat, Andaluzian. 

Desagertutako pertsonei dagokienez, gora egin du azken orduetan, eta 89 izatetik, 93 izatera igaro da. Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak eman du datua. Zehaztu duenez, "desagertutakoen eta hildakoen datuak ez datoz bat, eta ezin dira inondik inora batu". 

Hala, azaldu duenez, desagertzeengatik zabaldutako espedienteak "igo ala jaitsi daitezke hildakoak identifikatzeko lanek aurrera egin ahala, desagertze salaketak igota edo bizirik erreskatatutako lagunen arabera". 

Bestalde, Cadena Ser irrati katean egindako adierazpenetan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du "arrazoiak arrazoi, orain arte bilatu ezin dugun lekuetan" ari direla desagertutakoen bila, eta lurrazpiko garajeak eta kostaldeko udalerriak aipatu ditu adibide gisa. 

54 gorpu dituzte identifikatzeke. Orain arte, 203 autopsia egin dituzte, eta 133 identifikazio. 

Erreskatatutako pertsonen kopuruak ere gora egin du, eta 36.572 dira dagoeneko; 124 azken orduetan. 

Bien bitartean, goialdeko borraskak kolpatutako 78 udalerritan ez dute atsedenik hartzen, eta etxebizitzak, kaleak eta azpiegiturak garbitzen eta berreraikitzen jarraitzen dute. Valentziako Erkidegoan daude gehienak (75), baina Gaztela-Mantxan eta Andaluzian ere badaude (2 eta 1, hurrenez hurren). Denboralearen zero guneko herri askotan (Catarroja, Massanassa eta Torrent) zaila da oso mugitzea, kaleak hondakinez lepo baitaude. 

Dena dela, laguntza eta makineria etengabe ari da iristen. Gainera, gaur hasiko dira Valentziara bideratzen Espainiako Gobernuak onartutako 10.600 milioi euroko dirulaguntzaren lehen partida, laguntzok aitortzeko errege dekretua ostegun honetan sartu baita indarrean.