GOIALDEKO BORRASKA
EAEko erakundeek eta Elikagaien Bankuek koordinatuko dute Valentziarako produktuen bidalketa
EITB Media
Valentziarako laguntza "ahalik eta modu antolatuenean eta eraginkorrenean" bideratzea da helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiak (Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eudel) eta Euskadiko Elikagaien Bankuak elkarlanean arituko dira Valentziako Erkidegorako laguntza koordinatzeko.
Lankidetza horren helburua orain arte udaletan edo beste erakunde edo entitate sozial batzuetan bildutako produktuak "ahalik eta modu antolatuenean eta eraginkorrenean" bideratzea da, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.
Goialdeko borraskaren ondorioak jasan dituztenei nola lagundu diezaieketen galdetuz hainbat kontsulta jaso dituzte, eta EAEko erakundeek eta Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioak adostu dute elikagaien bankuek koordinatuko dituztela bidalketak.
Gaur-gaurkoz, ezinezkoa da Valentziako Elikagaien Bankuen lokaletan produktu gehiago biltegiratzea, goraino beteta daudelako. Hori dela eta, dohaintzan emandako produktuak Euskadiko Elikagaien Bankuen biltegietan gordeko dituzte Valentziara bidali arte.
Horrenbestez, Valentziarako elikagaiak bildu dituzten EAEko erakunde eta entitateek Euskadiko Elikagaien Bankuen egoitzetara eraman ahal izango dituzte, eta haiek biltegiratuko dituzte Valentziara bidali arte.
Euskadiko Elikagaien Bankuek jasotako elikagaien "erabilera soziala" eta "aprobetxamendua" bermatuko dute, "baliabideak galtzea saihestuz".
Bestalde, erakundeek azpimarratu dute Valentziako Generalitateak SOM SOLIDARITAT ataria ireki duela lagundu nahi duten herritarren eta elkarteen esku uzteko.