Itxi

Adopzioaren Munduko Eguna

Nazioarteko adopzioak, desagertzear

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Leer en Castellano

Adopzioaren Mundu Eguna igaro berritan, haurrak babesteko erremintak izan duen bilakaera aztertu dugu. Gaur-gaurkoz, herrialde asko haurrak jaio diren ingurunean egon daitezen saiatzen dira. Bertako adopzioetan ere, gero eta ohikoagoa da familia biologikoarekin kontaktua izaten jarraitzea.

Adopzioen bilakaera EAEn. Foru Aldundietako datuak. Irudia: EITB Media.

Adopzioen kopurua % 91 jaitsi da 2010. urtetik Euskal Autonomia Erkidegoan. Urte hartan 241 adopzio prozesu burutu ziren, 2023an, berriz, 21. Jaitsiera, batik bat, nazioarteko adopzioek eragin dute. Dagoeneko, ia ez da nazioarteko adopziorik egiten. 2023an hiru adopzio besterik ez ziren izan nazioartekoak, Bizkaian egindakoak hirurak. Araban eta Gipuzkoan ez zen atzerriko haurrik adopzioan hartu. Gertuko adopzioen edo adopzio nazional deiturikoen kopurua, aldiz, egonkorrago mantendu da azken 15 urteetan.

Azaroaren 9an ospatu ohi da Adopzioaren Mundu Eguna. Egun horretan, adopzioa adin txikikoak babesteko neurria dela gogorarazi ohi da; alegia, inguru egonkor batean, familia batean, hazteko eskubidea bermatuko dien erreminta dela. Adopzioa arautzen duten Estatuko eta nazioarteko arauek zehazten dutenez, beti ere, umeen interes eta ongizateari lehentasuna emanda erabili beharko da eta haurra familia biologikoarekin bizitzea ezinezkoa denean soilik hartuko da kontuan aukera hori.

Nazioarteko adopzioaren bilakaera

90eko hamarkadan eta milurteko berriaren lehen urteetan goia jo zuten EAEn nazioarteko adopzioek. 2007an, adibidez, 400 eskaera baino gehiago erregistratu ziren eta amaitutako prozesuak ia 300 izan ziren. Txina, Errusia, Kolonbia eta Etiopia ziren urte haietan adopzio gehien bideratzen zituzten herrialdeak.

Gabiriako Eraitz Gorrotxategi, esate baterako, Guatemalan jaio zen eta zortzi hilabeterekin ekarri zuten. Gaur egun, 23 urte ditu eta oso eskertua dago adopzioaren alde egin zuen bere familiarekin.

Urteak igaro ahala, ordea, herrialde askok ateak itxi dizkiote nazioarteko adopzioari. Kasu batzuetan gatazken edo hondamendien ondorioa izan da, prozesuak bideratzeko administraziorik gabe gelditu direlako.

Itxaso Martin Irigoyenek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako hausnarketan, ordea, beste arrazoi batzuk ere aipatzen dira: Alde batetik, herrialde askotan egoera sozioekonomikoak hobera egin du eta bertako familiek asetzen dituzte adopzio beharrak. Bestetik, Haurren Eskubideen Konbentzioko "subsidiariotasun-printzipioari" jarraituz, munduan gero eta zabalduago dago haur guztien premiei jaioterrian bertan erantzutea. Hala, atzerriko adopzioa premia bereziak dituzten haurren kasuetan onartzen da, hau da, bere herrialdean premia horiek ase ezin direnean.

Horrez gainera, herrialde asko Haurren Babeserako eta Nazioarteko Adopzioaren Elkarlanari buruzko Hagako Konbenioa jarraitzen hasi dira eta, besteak beste, prozesua berme guztiekin egiteko kontrolak areagotu dituzte.

Beraz, familia gehienek haur jaioberri eta osasuntsuak eskatzen dituztela kontuan hartuta, itxaron zerrendak eta prozesuak irauten duen denbora asko luzatu dira eta familien eskaintzak gutxitu egin dira. Gipuzkoan, adibidez, 2021ean eta 2022an egin ziren nazioarteko azken adopzioak eta familiek 7,5 eta 9 urte egon behar izan zuten zain.

Gaur egun, India, Vietnam eta Kolonbia dira nazioarteko adopzio prozesu gehien bideratzen dituzten herrialdeak eta familiei baldintza gutxien jartzen diotenak.

EAEn foru aldundien bidez bideratzen dira adopzioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioek horretarako zerbitzuen bidez eta, prozesuan laguntzeaz gainera, behin adopzioak amaituta ere babesa ematen jarraitzen dute. Alde batetik, jarraipena egiten dute bi urtean zehar, eta, bestetik, aurrerago ere laguntza behar duten familiei babesa ematen diete.

Ume Alaia elkarteak ere haurrak adopzioan hartu dituzten familiei laguntzen die, eta formazioa eta babesa ematen dizkie.

Alor honetan lanean ari diren teknikarien aburuz, gure artean ere adopzioaren gaineko iritzia aldatu egin da azken hamarkadan. Gaur egun, garrantzi handiagoa ematen zaio haurra jatorrizko ingurunetik ez urruntzeari. Adopzio nazionaletan edo lurraldean bertan egiten direnetan ere, badira familia biologikoarekin nolabaiteko kontaktua mantentzen duten umeak eta adopzio-familiak.

Adopzioen kopurua gutxitu bada ere, foru aldundietako teknikarien esanetan, oraindik ere badago haurrak adopzioan edo harreran hartzeko familien beharra.