Itxi

Epaiketa

Cocaren aurkako erasoak 23 segundo iraun zuen, inguratu egin zuten eta kolpatu, baita lurrean zela ere

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Santi Cocaren heriotzagatik Donostian egiten ari diren epaiketaren bosgarren saioan hainbat ertzainek deklaratu dute. Coca 2019ko apirilaren 28an hil zen ospitalean, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso eta bi egunera.

Elkarretaratzea Donostiako epaitegiaren aurrean. EFE

Santi Coca gazteak jasan zuen erasoak 23 segundo iraun zuen. Pertsona talde batek "inguratu" zuen eta kolpatu, baita lurreran zegoela ere. Talde horretan zegoen, besteak beste, Cocaren heriotzaz akusatuta epaitzen ari diren mutila ere, gertaeren unean jantzita zeramatzan galtza zuriengatik identifikatu ahal izan zutena. 

Santi Cocaren heriotzagatik Donostian egiten ari diren bigarren epaiketaren bosgarren saioan hainbat ertzainek deklaratu dute. Coca 2019ko apirilaren 28an hil zen ospitalean, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso eta bi egunera.

Ertzaintzaren agente batek azaldu duenez, Goikoa Jauregiko segurtasun-kamera batek grabatutako irudietan, Gu diskotekaren kanpoaldetik ehun bat metrora, ikusi zituen deklarazioan azaldu dituenak. 

Epaimahaiak ere ikusi ahal izan ditu irudiok, gauez, urrunetik eta euripean hartutako irudiak izateagatik nahiko kalitate kaxkarrekoak badira ere, eta horiek lagunduta kontatu du ertzainak Cocak jasandako erasoa. 

Erasoa akusatuaren eta Santiren arteko eztabaida batekin hasi zen, bederatzi segundo iraun zuen, eta irudien arabera, Santik eman zion lehen ukabilkada akusatuari. 

Ihes egiten saiatu zen Coca

"Hortik aurrera, Santi kolpeak saihesten eta ihes egiten saiatzen hasi zen", agentearen hitzetan. Bitartean, beste bi gazte bildu ziren akusatuarengana, eta, ondoren, zortzi eta hamar pertsona arteko talde bat osatu zen, biktima diskotekako hormaren kontra "inguratuta" izan arte. Han, "talde osoaren" kolpeak jaso zituen, 23 segundoz, "baita lurrean zegoela ere". Irudien arabera, gazte batzuk iritsi ziren orduan Coca babestera.

Lekuko horren esanetan, gertakariaren une batean beste pertsona batzuek akusatua banandu eta bertatik eraman zuten. Poliziak azaldu duenez, irudietan ikusten denez, auzipetua ez zen Coca lurrean etzanda zegoen lekura itzuli, eta taldeko gainerako kideak joaten hasi ziren.

Ertzain horren lekukotzaren aurretik, gertakaria izan eta berehala bertaratu zen lankide baten testigantza entzun da. Horren esanetan, akusatuak aitortu zion Cocarekin sesioan aritu zela, Cocak ukabilkada bat eman ziola, eta berak bere burua defendatu zuela, "ez nuelako utziko inork ni jotzen".

Polizia horrek gogorarazi duenez, udaletxeko etxabean hitz egin zuen auzipetuarekin; izan ere, ertzainetako batzuek zazpi gazte bildu zituzten han, Cocak jasotako jipoian parte hartzea egotzita, antza.

Elkarrizketa horretan, auzipetua oraindik "pixka bat aztoratuta eta harroxko zegoen", ertzainaren hitzetan, baina, ez zitzaion iruditu mozkortuta edo drogatuta zegoenik, "ez baitzuen modu arraroan edo totelka hitz egiten", baina ez du baztertu "zerbait kontsumitu izana".

Argitu duenez, gaztea erraz identifikatzeko eta beste erasotzaileetatik bereizteko modua izan zuten, bera baitzen praka zuriak zituen bakarra. Ertzainari begira eman zion, bestalde, galtza horiek "odol tanta" batez zikinduta zeudela behealdean.

Masaila gorrituta

Ertzain horren arabera, akusatuak "gorrituta zuen masailetako bat", baina "ez zeukan ebaki itxurako zauririk".

Agentearen esanetan, borrokan parte hartu zuen taldetxoarekin izandako elkarrizketaren une batean erabaki zuen haiei esatea biktimari bihotz-biriketako bizkortzea egiten ari zitzaizkiola, gertatutakoaren larritasunaz jabetu eta "egia esan zezaten".

Hala ere, zehaztu duenez, helburua ez zen "haiek asaldatzea", benetan zer gertatzen ari zen jakinaraztea baizik, hain gertaera larrietan izan zezaketen "erantzukizun maila" zenbaterainokoa izan zitekeen jakin zezaten; izan ere, "borroka soil bat" izan zela uste zuten atzeman zituztenean.

Bestalde, beste polizia batek esan du hildakoaren lagun batek eman ziola berari Cocak udaletxe inguruan jasotako jipoaren berri. Gertaeren tokitik gertu zeuden bera eta beste ertzain bat, eta horri esker atzeman ahal izan zituen handik alde egiten ari ziren lauzpabost pertsona, beste agentea biktimari laguntzera joan zen bitartean.

Datorren astelehenean jarraituko du epaiketak, lekuko gehiagoren deklarazioekin. 

Albisteak (3)

Bideoak (1)