Itxi

Goialdeko borraska

Mazon Maribel Vilaplana kazetariarekin bazkaltzen egon zen, telebista publikoaren zuzendaritza proposatzeko

EITB MEDIA

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, Valentziako Generalitateko presidentea 18:00ak arte egon zen kazetariarekin bazkaltzen, uholdeak Valentziako hainbat udalerritan kalteak eragiten ari ziren bitartean. Presidentea bi ordu eta erdi berandu batu zen larrialdietako bilerara.

Carlos Mazón, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Gero eta zalantza gehiago sortzen ditu Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen kudeaketak. Urriaren 29an, uholdeek eragindako larrialdi egoeraren ordu kritikoetan izan duen jokabidea ikertzen ari dira hainbat hedabide, eta azken orduetako informazioek gezurtatu egin dute gertakarien azalpen ofiziala.

Larrialdiak koordinatzeko bilera 17:00etan hasi zen, eta Mazon 19:30 aldera batu zen bilerara, "lan-bazkari" batean zegoela argudiatuta, nahiz eta hasieran "pribatua" zela adierazi zuen. Ildo horretan, Generalitateko prentsa-kabineteak SER kateari emandako informazioaren arabera, Valentziako agintaria erkidego horretako patronaleko presidentearekin bazkaltzen egon zen; hala ere, azken horrek erabat gezurtatu du informazio hori, eta Mazonekin izan zuen hitzordua 13:30ean izan zela azaldu du.

Horren ildotik, El Pais egunkariak argitaratu du Valentziako presidentea Valentzia hiriko erdialdeko jatetxe ezagun batean egon zela 18:00ak arte, eta ElDiario.es atariak jakinarazi du Maribel Vilaplana kazetariarekin egon zela bertan bazkaltzen, Á Punt telebista publikoaren zuzendaritza eskaintzeko.

Nahastearen erdian, larrialdiaren kudeaketari buruzko azalpen ofizialak ere ez dira nahiko argiak izaten ari. Koordinazio-bileran, Justizia eta Barne kontseilari eta Larrialdien arduradun Salome Pradasek herritarrei abisatzeko alerta mugikorren sistemaz hitz egin zuen Gobernuko ordezkariaren eta beste teknikari batzuen aurrean, SER irrati kateak argitaratutako grabazio baten arabera. Hala ere, Pradasek atzo prentsaurrekoan esan zuen ez zuela sistema horren berri izan 20:00ak arte, 2022tik indarrean dagoen arren. Geroago, X sare sozialean argitaratutako mezu batean, aurretik egindako adierazpenak zuzentzen saiatu zen, eta sistemaren berri izan bazuela esan zuen.

Bien bitartean, Larrialdietarako Unitate Militarreko buruak adierazi du dena jakingo dela, "egia beti azaleratzen delako".

Alerta urriaren 29ko 20:11n bidali zitzaien Valentziako herritarrei, urak ordurako hainbat udalerri hartuta zituenean, Utiel, Alfafar eta Paiporta, besteak beste.

Albisteak (5)

Bideoak (1)