TRAFIKOA
Behobia-Donostia lasterketa jendetsuak eragina izango du trafikoan
EITB Media
Lasterketa herrikoiak eragina izango du autobusen ibilbide eta geltokietan eta TAO zerbitzuan eta lurrazpiko aparkalekuetan. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du Donostiako Udalak.
Behobia-Donostia lasterketa herrikoi ezagunak, ohi bezala, eragina izango du hiriko trafikoan, garraio publikoan eta aparkalekuetan. Boulevard zumardia, adibidez, itxita egongo da igandean, 05:00etatik 17:00etara.
Horrela, Donostiako Udalak garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du.
Boulevard zumardia eta zenbait kale eta etorbide itxita egongo dira hainbat orduz. Ibilgailuak ezingo dira Peñaflorida kalean sartu 05:00etatik 17:00ak arte. Lasterketa amaitu arte, ibilgailu partikularrak (egoiliarrenak izan ezik) ezingo dira Boulevardera sartu Askatasunaren hiribidetik.
Zurriola hiribidea ere, Lapurdi plazatik, itxita egongo da 08:30etik 09:00etara, azken kilometroko arkua jarri ahal izateko. Egoera bertsuan egongo da, 09:30etik kentzeko lanak amaitu arte (15:15 arte, gutxi gorabehera).
09:30etik 15:00etara, lasterketaren ibilbidea errazteko asmoz, mugikortasun agenteek itxi egingo dituzte erdialderako norabidea duten honako kaleak: Jose Elosegi, Ategorrieta, Nafarroa, Zurriola eta Boulevard. Hiriko irteeretan ez da gorabeherarik izango, eta gainerako bideak irekita egongo dira.
Ulia pasealekuko bizilagunak, 09:30 eta 13:00 bitartean, Mendiola bidetik Herri Ametsa ikastolara joan beharko dira, eta bertatik Bidebietara.
Halaber, hiriaren ekialdetik irten edo hirira sartzeko Gi-20 saihesbidea erabiltzeko gomendatu dute, Intxaurrondo, Marrutxipi (lotura berria Mons pasealekuan) eta Altza lotuneetatik. Grosera iristeko, ordea, Loiolako Erriberako sarbidea edo Karlos I.aren hiribidea erabiltzeko aholkatu dute.
Lasterketa hurbildu ahala, erabat eragotziko zaie ibilgailu mota guztiei zirkuituan sartzea edo hura zeharkatzea. Hiriaren erdialderako sarbideak, une batzuetan, San Martin kaletik egongo dira itxita, eta beste batzuetan, Askatasunaren hiribidetik.
Aldaketak autobus zerbitzuan
Lasterketa ekialdetik etorriko denez, garraio publikoko autobus guztiak (Dbus, Ekialdebus eta Lurraldebus) Zubiaurre pasealekutik hurbilduko dira Jai Alairaino, Galtzara Nagusira eta Kolon pasealekura, eta Mirakruz gainerantz, Mirakruz kaletik edo/eta Zubiaurre pasealekutik.
Lasterketa bukatu ahala, 15:00etatik aurrera gutxi gorabehera, ibilbide eta geraleku guztiak betikoak izango dira, Boulevardeko geralekuak izan ezik (17:00etatik aurrera, espero da). Dbuseko ibilbideetan eta geltokietan aldaketak egingo dira 07:00etatik 17:00etara, gutxi gorabehera.
Ekialdebuseko Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Donostialdeko lineek eta Lurraldebuseko Buruntzaldea eta Bidasoa-Oarsoaldekoek ere aldaketak izango dituzte.
Azkenik, 04:00etatik 07:00etara taxien geltokia Boulevard zumardiko 3.era eramango dute (Altzako 13 autobusaren geltokia), eta 07:00etatik aurrera ez da zerbitzurik izango Boulevarden.
Aparkalekuak eta TAO zerbitzua
Hiriko aparkalekuetan ere eragina izango du lasterketak. Hori horrela, TAO 1-1 sektoreko aparkaleku-bereizgarria duten egoiliarrek baimena izango dute hiriko gainerako sektoreetan aparkatzeko, baldintza berdinetan. Baimen hori ostiraletik astelehenera egongo da indarrean, biak barne. Dena dela, egoiliar horiek ezingo dute ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan), araututako ordutegiaren barnean.
Bestalde, lurrazpiko aparkalekuen egoera honakoa izango da: Boulevardeko parkingeko erabiltzaileak Boulevard-Hernani bidetik prestatutako erreitik irten ahalko dira egun osoan. Sartzea, baina, debekatuta egongo da 09:45etik 14:30era. Kursaalari dagokionez, ibilgailuak Nafarroa hiribiderantz irten beharko dira 10:30 arte, baina korrikalariek lehentasuna izango dute. Erabiltzaileak ezingo dira irten 10:30etik 14:30era, gutxi gorabehera. Okendoko aparkalekuan, ezingo da Argentinako Errepublikara sartu 09:45 baino lehen. Okendo kaleko irteera 10:30etik aurrera itxiko dute, eta, ordutik aurrera, irteera Argentinako Errepublikatik egingo da, kontrako bidetik, Espainia plazaraino. Azkenik, Kontxan, Andia kaleko sarbidea 05:30ean itxiko dute. Askatasunaren hiribideko sarrera-irteerak irekita egongo dira egun osoan zehar.