Itxi

EGURALDIA

Goialdeko borraska batek euriteak utziko ditu Kataluniako kostaldean eta Balearretan, bihartik aurrera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Aemetek alerta laranja ezarri du Mallorcan, Eivissan eta Formenteran. Valentziako Erkidegoa abisu horian egongo da. Euskalmetek, bestalde, ez du aurreikusi muturreko eguraldiagatik abisurik ezartzea.

Gizon bat, aterkipean, Bartzelonan. Argazkia: EFE

Goi-geruzetako beste depresio isolatu bat sartuko da bihartik aurrera Europako iparraldetik, eta "zaparrada trumoitsu eta ugariak" utziko ditu Mediterraneo isurialdeko hainbat gunetan, batez ere Kataluniako kostaldean eta Balearretan, eta, hala, euriteengatik abisuak ezarriko dituzte agintariek. 

Goialdeko borraskak ohikoak dira urte sasoi honetan, eta horrelako fenomenoak egoteak ez du esan nahi urri amaieran Valentzia eta Gaztela-Mantxa eta Andaluzia kolpatu zuen moduko triskantza sortuko denik. 

Ruben del Campo Aemeten bozeramaileak azaldu duenez, "oraindik ziurgabetasun handia dago presio baxuen sistema hori non kokatuko den", hortaz, zaila da zehaztea non egingo duen euri gehien. Orokorrean, tenperaturek "behera egingo dute nabarmen" asteartean eta asteazkenean, eta eurekin batera, elur kota (800-1.000 metroan kokatuko da). 

Prezipitazioari dagokionez, ordubetean eta metro koadroko 30-40 litro pilatu daitezke Balearretan, eta "gune baxuetan uholdeak gerta litezke", Del Camporen esanetan. Hori horrela, uharte guztiak —Menorca salbu, abisu horian dago eta— alerta laranjan izango dira. 

Abisu horia ezarriko dute, halaber, Alacanten eta Castellon (Valentziako Erkidegoa) eta Bartzelonan eta Tarragonan (Katalunia). 

Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, Euskalmetek ez du, printzipioz, abisurik ezartzeko asmorik. Hori bai, udazkeneko giro fresko eta euritsua iragarri du hurrengo egunetarako. Nafarroan ere ez dute abisurik aurreikusten.