Itxi

Eguraldia

Tenperaturak jaitsiko dira eta gailurretan elurra egingo du, goi-geruzetako depresio baten ondorioz

EITB Media

Leer en Castellano

Gaur tenperaturak apur bat jaitsiko dira, elur-kota 1.000 eta 1.200 metro inguruan kokatuko da. Gainera, iparreko eta ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Espainiako Estatuan, alertapean daude Balearrak, Valentzia eta Alacant. Kataluniak aurre-alerta fasea ezarri du, euriteengatik.

Egunsentia Donostian. Argazkia: EFE

Euskal Herriko zerua oso hodeitsu izango da gaur, batez ere arratsaldean, euri txikia egingo du, ugariagoa isurialde atlantikoan, tenperaturak apur bat jaitsiko dira, elur-kota 1.000 eta 1.200 metro inguruan kokatuko da eta ipar-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da.

Tenperatura maximoak 13 gradukoak izango dira gaur Donostian, 14°-koak Bilbon, 11°-koak Iruñean eta 10°-ekoak Gasteizen; minimoak 8 gradukoak izango dira Gipuzkoako hiriburuan, 9°-koak Bizkaikoan, 5°-ekoak Arabakoan eta 4°-koak Nafarroakoan.

Itsasoan itsaskirria izango da, eta arratsaldean itsasgorarekin itsaskia nagusituko da; ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko olatuak altxatuko ditu, eta ipar-ekialdeko haizeak 3-4ko indarrarekin joko du.

Asteazkenean zerua oso hodeitsu egongo da, egunaren amaieran ostarteak irekiko dira ekialdean, egunaren lehen partean euri txikia egin dezake, mendebaldean gehiago, elur-kota 1.000 eta 1.200 metro artean egongo da, tenperaturak apur bat jaitsiko dira, eta iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, ahul-bizi.

Espainiako Estatuan, goi-geruzetako depresio isolatu bat (GOIDI) sartuko da gaurtik aurrera Europako iparraldetik, eta "zaparrada trumoitsu eta ugariak" utziko ditu Mediterraneo isurialdeko hainbat gunetan, batez ere Kataluniako kostaldean eta Balearretan, eta, hala, euriteengatik abisuak ezarriko dituzte agintariek. 

Prezipitazioari dagokionez, ordubetean eta metro koadroko 30-40 litro pilatu daitezke Balearretan, eta "gune baxuetan uholdeak gerta litezke", Ruben del Campo Aemeten bozeramailearen esanetan. Hori horrela, uharte guztiak —Menorca salbu, abisu horian dago eta— alerta laranjan izango dira. 

Bestalde, Kataluniako Generalitateko Babes Zibilak indarrean du Inuncat uholdeei aurre egiteko aurre-alerta fasea, euri-jasak espero baitira. Eguerditik hasita, ordu erdian, metro koadroko 20 litro pila daitezke. 

Bestalde, Valentzian eta Alacanten (biak ala biak Valentziako Erkidegoan) alerta laranja ezarriko dute gauean, zaparrada trumoitsuak izango direlakoan. Iragarpenaren arabera, metro koadroko 40 litro metatu ahal dira ordubetean. Aurreko GOIDIak kaltetutako Valentziako herrietan oraindik lokatza han eta hemen dago estolda zuloetan, eta botako duen euria xurgatzeko oztopoa izan daitekeen beldur dira bertako agintariak. 

Almerian euriagatik eta ekaitzengatik alerta laranjapean zeuden atzotik eta probintziako mendebaldean urak hainbat udalerri hartu ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, Euskalmetek ez du, oraingoz, abisurik ezartzeko asmorik. Hori bai, udazkeneko giro fresko eta euritsua iragarri du hurrengo egunetarako. Nafarroan ere ez dute abisurik aurreikusi.