Itxi

GOIDI

Goialdeko borraskaren egunetik Torrenten desagertuta zeuden 3 eta 5 urteko haurren hilotzak aurkitu dituzte

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Ruben eta Izan haurren gorpuak Torrentetik hainbat kilometrotara aurkitu dituzte, bi udalerritan.

Urriaren 29tik desagertutako Ruben eta Iza bilatzeko lanak. Artxiboko argazkia: EFE

Urriaren 29tik Torrenten (Valentzia) desagertuta zeuden 3 eta 5 urteko anaiak hilda aurkitu dituzte, Ruben eta Izan haurren familiako iturriek sare sozialetan baieztatu dutenez.

Goi-geruzetako depresio isolatuak (goialdeko borraska edo GOIDI ere deitua) Valentziako Erkidegoa gogor astindu zuen eta uholdeak eragin zituen hainbat herritan, tartean, Torrenten. Ruben eta Izan aitarekin zeuden urak hirurak aurretik eraman zituenean. Aitak bizirik irtetea lortu zuen, lau orduz zuhaitz bati eutsita.

Urak eraman zituenetik Ruben eta Izan anaien bila aritu dira senideak, lagunak, bizilagunak, boluntarioak eta erreskate zerbitzuak.

Familiako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, bi hilotzak Torrentetik hainbat kilometrotara aurkitu dituzte, bi udalerritan.

15 egunen ondotik, gorpuak aurkitu dituztela baieztatu du senide batek sare sozialetan. "Aingerutxo maiteok, azkenean aurkitu zaituztegu! Eskerrak, bihotzez, bilaketa lanetan aritu zareten guztioi. Bi izar gehiago daude orain zeruan", idatzi du.