Itxi

EH-ko Mugimendu Feminista

Mugimendu Feministak mobilizazioak deitu ditu A25erako, "Ez bazara konponbidea, arazoa zara" lelopean

EITB Media

Leer en Castellano

Mugimendu Feministako bozeramaileen hitzetan, "indarkeria ugari dira, baina, erroa, bakarra". "Ez gatoz ezer berria esatera, urteak daramatzagu kontu berdinak aldarrikatzen, eta, zoritxarrez, aldaketak oso motel datoz", deitoratu du mugimenduak. "Ardurak hartzeko unea da", aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia. Irudia: Euskal Herriko Mugimendu Feminista

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak deitu ditu hiriburu guztietan eta herrietan.

"Ez bazara konponbidea, arazoa zara" lelopean, mobilizazio nagusiak Gasteizko San Anton plazatik (19:00), Bilboko Jesusen Bihotzetik (19:00), Iruñeko Gazteluko plazatik (20:00), Donostiako Boulevardetik (19:00) eta Baionako Herriko Etxearen aurren (18:30) abiatuko dira.

Gaur egindako agerraldian, mugimendu feministaren bozeramaileek 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogora ekarri dituzte.

"Egunerokoan erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak…", salatu dute. Erantsi dutenez, "sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honek forma berriak hartzen ditu, bizirauten jarraitzeko".

"Sexu indarkeriaren gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, komunikabideetan egiten den indarkeria matxista kasuen trataera bortitza, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa ez dira kasu isolatuak eta emakumeen osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen egiturazko indarkeria baten parte dira", azpimarratu dute.

Bozeramaileen hitzetan, "indarkeria ugari dira, baina, erroa, bakarra". "Ez gatoz ezer berria esatera, urteak daramatzagu kontu berdinak aldarrikatzen, eta, zoritxarrez, aldaketak oso motel datoz", deitoratu du mugimenduak. "Ardurak hartzeko unea da", aldarrikatu dute.

"Arazoa zarete eraso bat jasaten dugunean gure hitza zalantza jartzen duzuenak; arazoa zarete lagunartean txiste eta komentarioak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean, justifikatzen eta errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete erasoa seinalatu bai, baina zuen joerak zuzentzen ez dituzuenean; arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean", aurpegiratu dute.

"Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue; zuentzako mezua zuzena da: konponbidea ez bazarete, arazoa zarete", nabarmendu dute.

Komunikabideek ere indarkeriaren erreprodukzioan funtsezko egitekoa dutela azaldu dute agerraldian, "errua biktimarengan jarriz, tertulietan zilegitasun osoarekin iritzia emanez eta kasu bakoitzean xehetasun morbosoak azaleratzen".

Azkenik, "sare sozialak ere egun babes izan daitezkeen arren, mezu faltsuak modu azkarrean zabaltzeko, iraintzeko, gorputzen gaineko kontrolerako bide ere badira", ohartarazi dute. Indarkeria forma berriak ari da hartzen espazio birtualean eta gune horietan ere autodefentsarako tresnak birpentsatu beharko dituztela gaineratu dute.