TRAFIKOA
Gasteizek Emisio Txikiko Eremua onartu du: Hauek dira erdigunera sartu ahalko diren ibilgailuak
EITB Media
Gasteizko Emisio Txikiko Eremua 2025ean sartuko da indarrean Alde Zaharrean eta Zabalguneko hainbat kaletan, baina 2027ko urtarrilaren 1era arte ez da debekatuko ingurumen-etiketarik gabeko autoak sartzea, eta 2030era arte ez da debeku hori B etiketa duten ibilgailuetara zabalduko.
Gasteizko Udalbatzak hiriko Emisio Txikiko Eremua (ETE) arautuko duen ordenantza behin betiko onartu du ostiral honetan, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. PPk aurka bozkatu du, eta Elkarrekin, berriz, abstenitu egin da.
Gasteizko Emisio Txikiko Eremua 2025ean sartuko da indarrean Alde Zaharrean eta Zabalguneko hainbat kaletan, eta murrizketak egongo dira zenbait ibilgailuren joan-etorrietarako, baina 2027ko urtarrilaren 1era arte ez da debekatuko ingurumen-etiketarik gabeko autoak sartzea, eta, salbuespenak salbuespen, 2030era arte ez da debeku hori B etiketa duten ibilgailuetara zabalduko.
Murrizketak modu progresiboan aplikatuko dira.
Lehen fasea: 2025etik aurrera
Lehen fasean, bizitegi-lehentasuneko eremutik trafikoa kentzea da helburua. Eremu horren perimetroa ehun seinalek baino gehiagok mugatuko dute, eta matrikulak irakurtzeko 30 kamerak kontrolatuko dute.
Zehazki, alde horrek Erdi Aroko Hirigunea eta Zabalgunearen zati bat hartuko ditu, kale hauek mugatuta: Bakea, Ramon Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goicoetxea, Zerkabarren kalea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Arriagako atea eta San Ignazio Loiolakoaren kalea.
Egoiliarrak, aparkatzeko plazak eskuratzen dituztenak, merkataritza eta zerbitzu establezimenduetako langileak, zamalanetarako eta larrialdietarako guneetarako ibilgailuak eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen titularrak sartu ahal izango dira eremu horretara.
Kategoria horietakoren bateko ibilgailuen titularrek alta eman beharko dute sarbide-kontroleko sisteman, eta dagokien baimena izan beharko dute.
Bigarren fasea: 2027tik aurrera
Bigarren fasean, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, debekatuta egongo da ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuak sartzea, hau da, 2001a baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak eta 2006a baino lehenagoko dieselak.
Hirugarren fasea: 2030etik aurrera
2030ean, B bereizgarria dutenei zabalduko diete debeku hori.
Salbuespenak
Hala ere, ingurumen-etiketari dagozkion mugei zenbait salbuespen egingo zaizkie; horietako bat errenta-mailari dagokio. Urteko diru-sarrera gordinak gutxienez laguntzak, subsidioak edo hobari fiskalak kalkulatzeko erreferentzia gisa erabiltzen den errenta-adierazlea baino bi aldiz txikiagoak direla egiaztatu beharko da.
Salbuetsita egongo dira, halaber, erretiro-adinetik gertu dauden profesionalen ibilgailuak, baldin eta titularrek egiaztatzen badute gehienez ere bost urteko kotizazioa falta zaiela erretiroa hartzeko legezko adinera iristeko, bai eta historikotzat katalogatutakoak, zerbitzu publikoetakoak edo eremuaren barruan aparkatzeko plazen titularrak eta errentariak ere.
Salbuespen horiek guztiek hiru urteko indarraldia izango dute.
Isunak
Araudi hori ez betetzeagatik, 90 eurotik gorako isunak jarriko dira arau-hauste arinen kasuan, eta 200 eurotik gorakoak arau-hauste larrien kasuan, baina ez dira berehala aplikatuko, eta atzerapenen bat egongo da.