Itxi

ATXILOKETA

34 urteko gizon bat atxilotu dute N-1ean, Idiazabalen, pertsonak legez kanpo eramatea leporatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ertzaintzak jakitera eman duenez, ibilgailuen ohiko errepide kontrol batean egin dute atxiloketa, bart. Antza, furgoneta baten gidariak hamalau pertsona zeramatzan ibilgailuaren barruan, "legez kanpo".

Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean.

34 urteko gizon bat atxilotu dute bart N-1 errepidean, Idiazabal (Gipuzkoa) parean, pertsonak legez kanpo eramatea leporatuta. Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila batek egin du atxiloketa, ohiko kontrol bat egiten ari zela.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, atxilotutako gizonezkoak, denera, hamalau pertsona zeramatzan ibilgailuan, eta "horietako gehienek ez zuten dokumentaziorik". Antza, "aldez aurretik diru kopuru bat ordaindu ondoren",  pertsona horiek Frantziara eramatea zen gidariaren helburua.

Zabaldutako oharrean, gainera, erantsi dute ibilgailuan "pilatuta" eta "osasungarritasun-egoera txarrean" zihoazela. Horrez gain, guztira, hamabost pertsona zeuden furgonetan, ibilgailu mota horren gehieneko edukiera bederatzikoa izan arrren.

Ondorengo orduotan eramango dute epailearen aurrera atxilotua.