Itxi

Eusko Legebiltzarra

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hilketa matxisten biktimen gertukoen diagnosi bat eskatuko diote Jaurlaritzari

EITB Media

Leer en Castellano

Hiru taldeek erdibideko zuzenketa bat adostu dute EH Bilduk aurkeztutako ez-legezko proposamen baten harira. Helburua da azterketa hori gizon matxistek eraildako emakume eta haurren ingurukoentzat erreparazio planak garatzea.

Hainbat lagun hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzean. Artxiboko argazkia: EFE

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE talde parlamentarioek erdibideko zuzenketa bat adostu dute Eusko Jaurlaritzari eskatzeko egin dezala "diagnostiko sakon bat" Euskadin azken urteetan erregistratutako emakumeen eta haurren hilketa matxisten inguruan, haien senide eta ingurukoek dituzten beharrizan eta gabeziak identifikatze aldera.  

Azterketa hori bizirik atera diren emakumeen elkarteen, Mugimendu Feministako kideen eta adituen ekarpenekin osatuko dute. Helburua da "erreparazio planak egiteko printzipioak eta jarraibideak" zehaztea. 

Hiru taldeek hitzartutako zuzenketak EH Bilduk horren harira aurkeztutako ez-legezko proposamen bat du oinarri. Jatorrizko ekimen horretan diagnostikoa egiteko urtebeteko epea proposatzen zuen koalizio abertzaleak. 

Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko du erdibideko zuzenketa, eta gutxienez hiru taldeon babesarekin onartuko da. 

2023tik, 70 emakume eta 6 haur erail dituzte gizon matxistek.