Itxi

LGTBI+FOBIA

Eraso homofobo bat salatu dute Iruñean

EITB Media

Leer en Castellano

EHGAM Nafarroak salatu duenez, azaroaren 8an jazo zen Nafarroako hiriburuko "cruising" eremu batean. Gazte talde batek bertan zegoen pertsonetako bat iraindu zuen eta autoarekin jarraitzen ibili zitzaion.

Iruñean, cruising eremu batean—harreman sexualak izateko topaleku publiko adostua—, eraso homofoboa izan dela salatu du gaur EHGAM Nafarroa elkarteak.

Sare sozialetan zabaldu duenez, erasoa duela ia bi aste (azaroaren 8a, ostirala) jazo zen gune horietako batean. Elkartearen arabera, gizonezko gazte talde bat bertaratu zen, eta han zegoen pertsona bati irainak bota zizkioten, eta segika ibili zitzaizkion autoarekin, jarrera oldarkorrean.

Euskal Herriko gay eta lesbianen elkartearen arabera, "etengabeak" dira eraso homofoboak cruising eremuetan: ahozko erasoak, jazarpenak eta baita eraso fisikoak ere.

Horien aurrean, "plazera eta espazio publikoa" aldarrikatu ditu EHGAMek, eta erasoen atzean "disidentzia afektibo-sexualaren aurka" egiteko eta LGTBI+ "komunitatea bortxatzeko asmoa" dagoela salatu du. Hala, biktima guztiei elkartasuna adierazi die elkarteak, "baita maitasuna, elkarrenganako laguntza eta salaketa soziala ere".