EGURALDIA
Araba abisu horian dago haizeagatik, orduko 100 kilometroko haize boladak espero baitira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Haizeari dagokion abisu horiari beste abisu bat gehituko zaio gaur arratsaldeko 18:00etan, nabigaziorako arriskuagatik, eta ostiral eguerdira arte egongo da indarrean.
Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostegun honetan Araban haizeagatik; izan ere, hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 100 km-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, eta 60-80 ingurukoak izan daitezke babes handiagoko eremuetan, batez ere lurraldearen hegoaldean.
Dagoeneko, bolada oso gogorrak izan dira Arabako zenbait tokitan, hala nola Zaldiaranen (93,9 km/h-ko abiaduran jo du haizeak), Kapilduin (Bernedo) 82,9 km/h eta Herreran (80,4 km/h).
Haizeari dagokion abisu horiari beste abisu bat gehituko zaio gaur arratsaldeko 18:00etan, nabigaziorako arriskuagatik, eta bihar arte (ostirala) egongo da indarrean. Denbora-tarte horretan, 4 metrotik gorako olatuak izango dira.
Bestalde, euriteengatik Gipuzkoan ezarritako abisu horia ostegun honetako lehen orduan amaitu da. Euri asko egin du Gipuzkoako zenbait tokitan, Eskasen, esaterako, metro karratuko 76,4 litro bota baititu 24 orduan.
Oiartzunen 76,1 litro bota ditu, Behobian 70,5, Almiken 63,3 eta Miramonen 53.
Euskalmeten arabera, ostiralean tenperaturak behera egingo du, eta arratsaldean atertu egingo du. Egunaren lehen partean prezipitazioak espero ditugu oraindik, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta elur-kota 1.300-1.500 metro inguruan kokatuko da. Arratsaldean haizea ipar-ekialdera aldatuko da, zerua zabaltzen joango da eta prezipitazioak etengo dira. Gauean giroa hotza izango da eta barnealdean behe-lainoa zabalduko da.
Larunbatean giro argia, hego haizea nagusituko dira, eta tenperatura maximoek gora egingo dute. Igoera hori kantauri isurialdean nabarituko da batez ere, ia egun osoan hegoaldeko haize bizia ibiliko baita. Zeruan goi-hodei batzuk, baina giro eguzkitsua, oro har, eta behe-hodeiak eta behe-lainoak tarteka, hegoaldean, goizean. Giro hotza lehen orduetan, batez ere barnealdeko zenbait puntutan, eta baliteke izotza egitea.