POLIZIA OPERAZIOA NAFARROAN
Lau feriazale atxilotu dituzte Caparroson, 17 urtez gizon bat esklabotasun egoeran lan egitera behartzeagatik
EITB Media
Duela 20 urte baino gehiago Bilbon desagertu eta pasa den martxoan Caparroson onik aurkitu zuten gizona da biktima.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Guardia Zibilak talde kriminal bat desegin du eta familia bereko lau feriazale atxilotu ditu Caparroson (Nafarroa), 17 urtez gizon bat esklabotasun egoeran lan egitera behartzeagatik, Espainiako Barne Ministerioak eta Guardia Zibilak ohar bateratu batean jakitera eman dutenez.
Duela 20 urte baino gehiago Bilbon desagertu eta pasa den martxoan Caparroson —feriazale familia batekin bizitzen— onik aurkitu zuten gizona da biktima. Senideek salaketa jarri zuten 2009an, eta 2003tik bere berririk ez zutela eta osasun eta diru arazoak zituela ohartarazi zuten.
Lucendi izena jarri dioten operazioko ikertzaileek jakin ahal izan dutenez, biktimak hainbat dirulaguntza jasotzen zituen, tartean, langabezia saria, pentsioa eta errenta aitorpena bere izenean zegoen kontu korronte batean, baina gero beste pertsona batek dirua ateratzen zuen bertatik hilero Caparrosoko sukurtsal batean.
Egun batean, biktima bere alabarekin harremanetan jarri zen eta berarekin bizi nahi zuela esan zion. Esklabo gisa bizi zela eta feriazale horiekin ez zuela bizi nahi ere kontatu zion. Esaterako, etxeko lanak egiteko besteak baino lehenago jaikitzera behartzen zuten eta bera arduratzen zen haurrentzako atrakzioak mantentzeaz, gainbegiratzeaz eta garbitzeaz, trukean dirurik jaso gabe. Era berean, ez zuen janaria edo edaria bere kabuz eskuratzeko aukerarik eta bakarrik jatera eta lo egitera behartzen zuten, baita kalean mangera batekin dutxatzera ere.
Horrez gain, feriazale familiako kide batzuek ematen zioten tratuagatik ikaratuta zegoela ere azaldu zuen biktimak.
Biktimaren osasun txartela eta NAN txartela feriazaleek erabiltzen zuten. Guztira, 100.000 euro baino gehiago jaso zituzten biktimaren izenean hark ezer jakin gabe eskatutako dirulaguntzetatik.
Hori guztia dela eta, pasa den azaroaren 20an hainbat miaketa egin zituzten Caparroson, eta, besteak beste, 120.000 euro atzeman zituzten eskudirutan, biktimaren objektu pertsonalekin batera.