Itxi

A25

A25aren aldarria, indarkeria matxista eta hura ukatzea normalizatu ez daitezen

EITB Media

Leer en Castellano

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean feminismoak hartuko ditu Euskal Herriko plazak. Erakunde publikoek, mugimendu feministek eta eragile sozial eta sindikalek mobilizazio ugari deitu dituzte gaurko.

Mobilizazio feminista.

Azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, azken urteotan bezala, aldarrikapenak eta mobilizazioak izango dira nonahi, jarrera matxistak salatu eta emakumeen eta nesken kontrako eraso oro gaitzesteko. Aurten, gainera, 25 urte beteko dira Nazio Batuen Erakundeak egun hau izendatu zuenetik.

Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta EUDELen A25erako aurtengo  kanpainak indarkeria matxistaren ukatzaileak jarri ditu jomugan. "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" lelopean, indarkeria matxista ukatzen edo ezereztatzen duten mezuei aktiboki aurre egiteko beharra azpimarratu dute erakundeek.

Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak gizarteari dei egin dio "gazteengana iristen diren mezu negazionistak neutralizatzeko", batez ere, "mutilek ikas dezaten badela gizon izateko beste modu bat, estereotipo eta rol sexistetatik bereiz" eta neskak ahaldundu daitezen.  

Nafarroako Gobernuaren aurtengo kanpainaren ardatza ere diskurtso antifeministen kontrako borrokan da."Ez diezazutela alderantziz kontatu, diskurtso ukatzaileak ere indarkeria matxistak dira" leloarekin azpimarratu nahi izan dutenez, "egiezek, albiste faltsuek, zenbait hedabideren desinformazioak, eta mezu misoginoak arin hedatzeko eremu digitala erabiltzen duten teoria konspiratzaileek emakumeek gizonen aurrean duten mendekotasuna betikotzea bilatzen dute", eta gaineratu dute "diskurtso horiek emakumeen eskubideen garapenari eta mugimendu feministaren aurrerapenari erantzuteko sortu zirela.

Nafarroako A25erako kartelak.

Kanpaina horiek ardatz hartuta, goizean zehar eta eguerdian elkarretaratzeak eta ekitaldi instituzionalak egingo dira A25aren harira, honakoak, besteak beste: Bilboko Udalak Azkuna zentroan du hitzordua 10:00etan eta Sindikatuek ere mobilizazioak iragarri dituzte. Eguerdian, elkarretaratzeak izango dira, esaterako, Nafarroako Gobernuaren atarian, Arabako Foru Aldundian, Probintzia plazan, edo Gasteizen, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren egoitza aurrean. Gainera, udal askok eta askok elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxe atarietan.

Mugimendu feministen mobilizazioak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere gizonen arduran jarri du azpimarra. "Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete" leloa izango da gaurko mobilizazio guztien buru. Azpimarratu dutenez, badira nahiko motibo aurten ere kalera ateratzeko: "Gure egunerokoan erabat normalizatuak ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra eta erailketak", sare sozialetan eta espazio birtualean matxismoak hartu dituen "forma berriak" ahaztu gabe.   

Horiek horrela, mobilizazioak deitu ditu Mugimendu Feministak euskal hiriburuetan:

Baiona: 18:30ean, Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea

Gasteiz: 19:00etan, San Anton plazatik abiatuta

Bilbo: 19:00etan, Jesusen Bihotzetik

Donostia: 19:00etan, Bulebarretik abiatuta

Iruñea: 20:00etan, Gazteluko plazan bilduko dira

Itaiak ere mobilizazioak iragarri ditu gaurko. Emakumeen Antolakunde Sozialistaren esanetan, "Indarkeria matxistarekin amaitzeko beharrezkoa da emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen antolakuntza politiko independentea sustatzea".  Euskal Herri osoko 20 herri baino gehiagotan mobilizatuko dira gaur Itaiakoak.

Gorantz kasuak, eta gorantz sentsibilizazioa

Urtez urte goraka doaz indarkeria kasuak, EAEn, esaterako, % 8 igo dira emakumeen aurkako indarkeria delituak. Delitu horien artean latzenak dira erailketak; 2003tik 124 dira Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Gainera, emakumeei mina eragiteko 12 haur hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian.

Emakumezkoek egunerokoan jasaten dituzten eraso eta jazarpenak zenbatezinak diren arren, horiek detektatu eta zenbatzeko ahaleginak egiten dira erakundeetatik. EAEn, iaz, 6.513 eraso matxista salatu ziren, horietatik, ia mila, sexu-askatasunaren kontrako delituak.

Nafarroako Osasun-Zerbitzuan, bestalde, martxan da Indarkeria Matxisten Hautemate Goiztiarrerako Estrategia. Horrekin, osasun zerbitzu publikoetara jotzen 15 urtetik gorako emakume guztiei galdera sinple batzuk egiten zaizkio. Emaitzak esanguratsuak dira: aurten, martxoaren 1etik urriaren 31ra bitartean 820 kasu zenbatu dira, diagnosi-baieztapenarekin.

Joan diren bost urteetako batez bestekoa, urteko 680 kasukoa zen. Nabarmena da, beraz, igoera. Osasunbideko arduradunen arabera, proiektu hori aplikatzeko egindako ahalegina egon daiteke igoera horren atzean, baita formakuntzan eta sentsibilizazioan egindako ahalegina ere.

EITBk bat egingo du A25arekin

EITBk eta EITBko hedabideek bat egingo dute A25arekin, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Han-hemenka antolatutako ekimen berezien berri emango dute albistegi saioetan. Halaber, gaia patxada handiagoz lantzeko tartea hartuko dute telebista zein irratiko programetan. Modu horretan, EITBk arazoari ikusgarritasuna emateko ardura hartu du, beste behin.

Bestalde, azaroaren 25ean, mundu osoan emakumeek pairatzen duten indarkeria salatzeko egunarekin bat egiten duen irudia jarriko da Bilboko egoitzako kanpoaldeko pantailan; eta puntu morea, berriz, telebistan, eta irratietako zein webguneko irudietan.