Itxi

INDARKERIA MATXISTA

Lazkaoko Udalak gaitzespena adierazi du kirol arloan gertatutako sexu erasoen berri izan ostean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Udalak "babesa eta hurbiltasuna" helarazi die biktimei eta ingurukoei, publiko egindako ohar batean, "behar dituzten baliabideak jarriz haien eskura". Era berean, "salatutako gertaerak ahalik eta lasterren argitzea" eskatu du.

Lazkaoko Udalak "eraso matxisten salaketaren aurrean gaitzespen adierazpena" argitaratu du igande honetan. Sare sozialetan zabaldu duen oharrean, Udalak "bere gaitzespen gogorrena" adierazi du "kirolaren arloan duela gutxi jakin dituen eraso matxisten salaketei dagokienez", bestelako xehetasunik eman gabe.

"Korporazioak berretsi egiten du lanean jarraitzeko konpromisoa, bere eskumenen esparruan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko" dio oharrak. "Era berean, errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarritutako gizartea bultzatzen jarraituko du, eta funtsezko printzipio horien aurka doan edozein indarkeria-mota irmoki gaitzetsi", dio.

Amaitzeko, Udalak "babesa eta hurbiltasuna" helarazi die biktimei eta ingurukoei, eta "behar dituzten baliabideak" jarriko ditu haien eskura. Halaber, "salatutako gertaerak ahalik eta lasterren argitzea" eskatu du.

Lazkaoko Udalaren adierazpena

Lazkaoko Talde Feministak, bere aldetik, oharra kaleratu du, eta, bertan adierazi duenez, azken salaketa hori dela eta, "azaroaren 25ean, arrazoi eta indar gehiagorekin aterako gara kalera", eta egun hori dela eta, 19:00etan Lazkaoko plazan egingo den elkarretaratzeam parte hatzeko deia egin du.

"Lazkaon kirol arloan salatutako erasoen aurrean, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu eta erasotuei babesa erakutsi", dioen oharra kaleratu dute. "Guztiok joka dezagun arduraz, bazter ditzagun zurrumurruak eta morboa. Sala ditzagun erasotzailea eta erasoak", gaineratu dute, "elkartasun eta babes osoa erasoak jasan dituzten guztiei".