Indarkeria Matxista
Gizon batek bikotekide ohia hil du Pasaian, eta bere burua entregatu du gero
EITB Media
Suzko armaz hil du, alabetako baten aurrean. Ihes egin du gero eta Villabonan entregatu du bere burua. Pasaiako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du eta bat egin du igande eguerdirako Pasaiako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
53 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat arratsalde honetan 45 urteko bere bikotekide ohia hil duelakoan, Pasaian. Emakumea alabaren aurrean hil du gizonak eta zabaldu den informazioaren arabera, alaba balkoira atera da laguntza eske.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko 16:00etan Pasaiko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean izan da hilketa. Gizonak suzko armaz hil du emakumea eta ihes egin du gero auto gorri batean.
16:30 inguruan Villabonako Udaltzaingoan entregatu du bere burua eta atxilotu egin dute. Ertzaintzak bazuen gertaeraren berri ustezko hiltzaileak bere burua entregatu duenerako.
18:00ak aldera iritsi da auzitegi-medikua hilketa izan den etxebizitzara. Bertan izan dira hainbat orduz Ertzaintzaren patruilak zein Pasaiako Udaltzaingoarenak ataria eta inguruak zaintzen, ikertzaileek euren lana egiten zuten bitartean.
Ertzainak hilketa izan den etxearen atarian. Argazkia: EFE
Hiru dolu egun eta elkarretaratzea
20:30ean bilera hasi du Pasaiako Udal Batzordeak eta 22:45 aldera adierazpen instituzionala kaleratu du Pasai Antxoko hileta matxistaren aurrean, "saminik sakonena eta erabateko gaitzespena" adieraziz.
"Udalak, alderdi politiko guztien eta herritaren izenean, babes eta elkartasun osoa erakutsi nahi die biktimaren senideei, eta egoera gertutik bizi izan duten herritarrei", helarazi dute baita Udal baliabide guztiak jarri dituztela eta jarriko dituztela aurrerantzea ere horien guztien eskura.
Hiru eguneko dolua ezarri dute herrian, igandeko 00:00etatik astearteko 23:59ra, eta ondorioz, bertan behar utzi dituzte egun horietarako aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak.
Era berean, bat egin dute Pasaiako Mugimendu Feministak biharko 12:00etan, Biteri plazan, deitutako elkarretaratzearekin, "herri bezala erantzuteko momentua" dela nabarmenduz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez.
Hilketa matxista gertatu den auzoa. Argazkia: EFE
Gaitzespen irmoa
Albistearen berri izan eta gutxira, sare sozialetan ziztu bizian zabaldu dira hilketa matxista berri honen kontrako mezuak.
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "gaitzespenik irmoena" agertu du Pasaiako hilketaren aurrean eta biktimaren ingurukoei elkartasuna adierazteaz gain, Jarularitzak "edozein indarkeri motaren eta, bereziki, indarkeria matxistaen kontra" duen jarrera azpimarratu du.
Emakundek ere gaitzespena agertu du sare sozialetan:
¿ Gogor gaitzesten dugu Pasaian gertatu den emakume baten erailketa. Gure babes
— Emakunde (@emakundEJGV) November 30, 2024
osoa biktimaren senitartekoei eta gertukoei. #EmakumeenAurkakoIndarkeria emakumeen eta gizonen arteko
berdintasun ezaren adierazgarri latzena da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko buru Eider Mendoza ere atsekabetuta agertu da eta gaitzespen irmoa adierazi du X sarean argitaratutako mezuan.
¿ Sumindura eta gaitzespenik irmoena, Pasaiako hilketa matxistaren aurrean. Elkartasuna eraildako emakumearen gertukoei eta Pasaiako herriari.
— Eider Mendoza Larrañaga (@EiderMendoza2) November 30, 2024
Como sociedad, es el momento de expresar alto y claro nuestro rechazo colectivo a la violencia contra las mujeres. #NiUnaMás https://t.co/bjdz3L3OEx
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak ere bere gaitzespena agertu du X sarean: "Gogor salatzen dugu Pasaian jazotako erailketa matxista eta euskal gizarteari honen aurka irmo azaltzeko deia egiten diogu. Elkartasuna eta babesa pasaitarrei eta biktimaren senide eta lagunei" adierazi du, eta deitzen diren mobilizazioetan EH Bilduk parte hartuko duela iragarri du "Indarkeriak patriarkalak parean izango du euskal gizartea".
"Ez dugu genero indarkeriaren eta berori existitzen dela ukatzen duten gezurtien kontrako borroka geldituko. Eraildako emakume bakoitza drama jasanezin bat da, aske bizi nahi duen gizarte honentzat. Mina hain gertukoa denean, amorrua are handiagoa da", esan du X sare sozialean Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak.
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere irmoki gaitzetsi du Pasaian gertatutako hilketa. "Gizartearentzat onartezina den gaitz horren aurka borrokan jarraituko dugu", adierazi du.
Euskadiko PPk ere gogor kritikatu du jazotakoa. "Ez da bat gehiago. Biktima bakoitza bakarra da, eta gure gaitzespen irmoena merezi du", nabarmendu du.