Hilketa zahar-etxe batean
Behin-behineko espetxealdia, Gasteizen adineko andre bat hiltzea egotzita atxilotutako gizonarentzat
EITB MEDIA
68 urteko gizonak aita hil zuen 80ko hamarkadan, eta nahasmendu psikiatrikoa du. Gasteizko epaitegi batek joan den larunbatean erabaki zuen zentro psikiatriko batean sartzea, medikuek erabaki zezaten noiz egon zitekeen deklaratzeko moduan. Gaur medikuek ebatzi dute horretarako prest zegoela.
Iragan ostegunean Gasteizko zahar-etxe batean 94 urteko emakume bat hiltzeagatik atxilotutako gizonari behin-behineko espetxealdia ezarri dio epaileak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Gasteizko epaitegi batek joan den larunbatean erabaki zuen zentro psikiatriko batean sartzea, medikuek erabaki zezaten noiz egon zitekeen deklaratzeko moduan.
Gaur, astelehena, medikuek ebatzi dute horretarako prest zegoela, eta susmagarria Gasteizko 3 zenbakiko instrukzio-epaitegira eraman dute.
68 urteko gizonezkoa Ertzaintzaren zaintzapean egon zen larunbatera arte. Aurrekari penalak ditu, 80ko hamarkadan aita hil baitzuen.
94 urteko andrea, bestalde, ostegunean hil zuen IMQ Igurco Araba egoitzan. Arkatz batekin egin zion eraso biktimari, eta zauri larriak egin zizkion aurpegian.
Hasiera batean, anbulantziako osasun langileek artatu zuten emakumea, baina Txagorritxu Ospitalera eraman zuten geroago, eta hantxe hil zen.
Egoitzan bertan eta Gasteizko beste inguru batzuetan ibili zen Ertzaintza hiltzailearen bila; azkenean, egoitzako aldagela bateko komunean aurkitu, eta bertan atxilotu zuen.