Giza eskubideak
Auzitegi Gorenak babestu du Harrotasun Egunean eraikin publikoetan LGTBIQ+ bandera jartzea
Agentziak | EITB Media
Gorenaren ustez, "ez da ikur alderdikoia, eta ez du inolako ika-mikarik sustatzen". Espainiko Estatuko LGTBI+ Federazioak azpimarratu duenez, "aurrerapauso nabarmena da kolektiboaren eskubideekiko konpromiso instituzionalean".
Auzitegi Gorenak babestu du Harrotasun egunean (ekainak 28) eraikin publikoetan LGTBIQ+ bandera jartzea; izan ere, "ez da ikur alderdikoia, eta ez du inolako ika-mikarik sustatzen".
Magistratuek ondorioztatu dute ez dagoela ostadar-bandera eraikin publiko batean erakusteko eragozpenik, uste baitute ez duela urratzen 39/1981 Legea, Espainiako banderaren eta beste bandera eta ikur batzuen erabilera arautzen duena, eta ezta administrazio publikoen objektibotasun eta neutraltasun printzipioak ere.
Auzitegiaren arabera, LGTBIQ+ bandera "pertsonen arteko berdintasunaren aldekoa da, eta balio hori Konstituzioak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak aitortzen dute".
Kasu honetan, Abogados Cristianos fundazioak jarritako bi helegite ebatzi ditu Gorenak, eta bi-biak bota ditu atzera: bat, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten aurka; eta, bestea, Valladolideko Diputazioaren kontrakoa, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen baten kontra.
Aragoiko kasuan, LGTBIQ+ bandera Zaragozako udaletxeko balkoi nagusian erakutsi zen. Gaztela eta Leonen, ostadar bandera Valladolideko Diputazioaren barruko patioan jarri zuten. Abogados Cristianosek helegitea jarri zuten bi kasuetan, eta erkidego horietako auzitegietara jo ondoren, gaia Gorenaren mahai gainean amaitu da.
Espainiako Estatuko LGTBI+ Federazioak pozik hartu du Gorenaren erabakia, eta azpimarratu du "aurrerapauso nabarmena" dela "kolektiboaren eskubideekiko konpromiso instituzionalean".
Paula Iglesias FELGTBI+ federazioko presidenteak azaldu duenez, "ostadar banderak ideologia politikoez harago doa eta balio unibertsalak ordezkatzen ditu, hala nola berdintasuna, errespetua eta inklusioa". "Harrotasun Egunean eraikin publikoetan egotea ikusarazteko ekintza bat da, eta aniztasunaren eta giza eskubideen aldeko mezua bidaltzen du", erantsi du.