Itxi

KONFERENTZIA SEKTORIALA

Jaurlaritzak baliabide gehiago eskatuko ditu igarobidean dauden migratzaileak artatzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gazteria eta Haurren Ministerioak bilera egingo du arratsaldean autonomia erkidegoekin, adin txikiko migranteen harrerari eta banaketari buruz hitz egiteko. Nerea Melgosa sailburuak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek parte hartuko dute.

Personas migrantes en Irun (Gipuzkoa), en una imagen de archivo. Foto: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek baliabide ekonomiko gehiago eskatuko dizkiote Espainiako Ministerioari, igarobidean dauden pertsona migratzaileak "duintasunez" artatu ahal izateko.

Espainiako Gazteria eta Haurren Ministerioak eta autonomia erkidegoek gaur arratsaldean (16:00etan) Madrilen egingo duten bileran, Eusko Jaurlaritzak egiturazko arazoari erantzungo dion migrazio politika publikoa egitea ere exijituko dio.

Euskal erakundeak aspaldidanik ari dira kontingentzia plana eskatzen Espainiako Estatura iristen diren pertsona migratzaileak artatzeko eta gurasorik gabeko adin txikiko atzerritarrak erkidegoen artean banatzeko. Jaurlaritzaren arabera, arazo "koiunturala" izateari utzi dio eta "premiazkoa" da erantzun estrukturala ematea, "eragin berezia duelako termino sozial, kultural eta ekonomikoetan".

Euskadiren egoera gainerako autonomia erkidegoekin konparatuta aldea dagoela onartu arren, Euskal Autonomia Erkidegoa "iparraldeko muga" izendatzea nahi du Eusko Jaurlaritzak eta horrekin batera euskal baliabideetara bideratutako diru kopurua handitzea. 

Bestalde, "Migrazio Plan Estrategikoa" egitea eskatuko du, Eusko Jaurlaritzaren arabera, gutxienez, lau elementu jaso beharko lituzkeena: plangintza, aurreikuspena, ebaluazio adierazleak eta memoria ekonomikoa.

Arratsaldeko bileran Nerea Melgosa sailburuak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek parte hartuko dute, eta amaitutakoan sailburuak balorazioa egingo du.