Indarkeria matxista
Behin-behineko espetxealdian sartu dute Pasaian bikotekide ohia hiltzeagatik atxilotutako gizona
EITB Media
Indarkeria matxistaren esparruan hilketa delitua leporatzen dio Donostiako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak.
Donostiako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak erabaki du behin-behineko espetxealdian sartzea Pasaian (Gipuzkoa) bikotekide ohiaren heriotzaren ustezko egilea, hilketa delitu batengatik.
53 urteko gizonezkoa larunbatean atxilotu zuten Pasaian (Gipuzkoa), bikotekide ohia (Leonor, 45 urte) suzko arma batekin hiltzea egotzita.
Hilketa joan den larunbatean gertatu zen, arratsaldeko laurak aldera, Pasaiako etxebizitza batean. Emakumea hil ondoren, akusatuak ibilgailu batean ihes egin zuen.
Ondoren, Villabona-Amasako Udaltzaingoaren egoitzara joan zen, eta bertan atxilotu egin zuten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu zuenez, biktimak 2020an aurkeztu zuen gizonaren kontrako salaketa, baina auzia bi urte geroago artxibatu zuten.
Arartekoak "samin eta atsekabe handiz" gaitzetsi du Pasaian (Gipuzkoa) gizon matxista batek Leonor izeneko bikotekide ohia hil izana, eta gaitzespenaz gain, kasua bera eta horren inguruabarrak "zorrotz berrikustea" eskatu du, ulertzeko zergatik, biktimak erasotzailea salatu arren, "ezin izan duten emakumea babestu" eta salatutako erasotzaileak bera hil izana saihestu.
Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak protokoloak gogor kritikatu ditu: "Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria entzun dugu protokoloak ondo funtzionatzen duela esaten. Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren expedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor, nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?"