Itxi

RADIO EUSKADI

Elgarresta: "Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak ez dira % 100 hutsezinak"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Emakundek eta Pasaiako Bekoz Beko mugimendu feministak bilera egin zuten atzo, larunbatean bikotekide ohiak tiroz hildako Leonorren kasua aztertzeko. Aurrez, biktimak gizonezkoaren kontrako salaketa jarria zuen, indarkeria matxistagatik.

Miren Elgarresta, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

"Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak ez dira % 100 hutsezinak. Aitortu egin behar dugu errealitate hori, zintzoak izanda". Hala erantzun du Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak, atzo Pasaiako Bekoz Beko talde feministarekin izandako bileraz galdetu diotenean. Larunbatean ustez bikotekideak tiroz hil zuen Leonorren kasua aztertzeko elkartu ziren bi aldeak. Biktimak 2020an salatu zuen gizonezkoa, genero indarkeriagatik.

Nolanahi ere, protokoloen balioan ere jarri nahi izan du azpimarra Emakumearen Euskal Erakundearen arduradunak. Esan duenez, protokoloetan ezarritako lan-lerroei esker azken 20 urteotan "bizitza asko salbatzea" lortu da.

Indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordearen barruan egin zuten atzo batzarra Emakundek eta talde feministak. Pasaian hildako emakumearen kasuaren kronologia zehatza egin eta protokoloa aztertzea izan zen bileraren helburua, Elgarrestak zehaztu duenez. "Prozeduraren analisia egindakoan, protokoloen eraginkortasun maila aztertu ahal izango dugu", erantsi du.

Radio Euskadin Egindako elkarrizketan, Bekoz Beko eta gisako talde mugimenduen "lan ezinbestekoa" goraipatu du Emakunderen zuzendariak, "biktimen eta erakundeen arteko zubi-lana" egiten dutelako. Erakundeen arteko lankidetzaren "azken helburua" protokoloak "etengabeko hobetzeko erremintak identifikatzea" dela ere esan du.

Leonor, 45 urteko emakume kolonbiarra, tiroz hil zuen ustez bikotekideak, joan den larunbatean, Pasaian. Hilketaren ondoren, bere burua Villabonako polizia-etxean entregatu zuen gizonezkoak. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, atzo behin-behinean espetxean sartu zuten, genero indarkeria delitua leporatuta. 

 

 

Audioak (1)