INDARKERIA MATXISTA
Salaketa jartzen ez duten indarkeria matxistaren biktimak ere babestearen alde agertu da Subijana
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak azaldu du "ahalegina" egin behar dela, biktima askok salaketa jartzeko dituzten zailtasunen aurrean.
Erasotzailearen kontrako salaketa ez jartzea erabakitzen duten indarkeria matxistaren biktimak ere babestu egin behar direla uste du Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak, baita biktimak babes horri uko egiten dion kasuetan ere. "Nire iritzia da salaketa jartzen ez duten emakumeei ere babes neurriak ezarri behar zaizkiela", esan du.
Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok Subijanak, berak zuzentzen duen auzitegiaren iazko memoriaren berri emateko egin duen agerraldian. 2023ko jarduera judizialaren errepasoa egin du luze-zabal, eta arreta berezia jarri du genero indarkeriarekin lotutako auzien atalean.
Zentzu horretan, "gogoeta" eskatu du, indarkeria matxistaren biktima diren biktima emakume guztiei erakundeek eman behar dieten babesaren inguruan. Bere iritzian, salaketa jartzen dutenak, salaketa jartzen ez dutenak, salaketa ipini eta ondoren kentzea erabakitzen dutenak eta babes neurriei uko egiten dietenak, biktima guztiak babesteko "ahalegina" egin behar dute erakundeek.
Erantsi duenez, emakume asko "zaurgarritasun maila oso handian" eta "menpekotasun egoeran" daude, eta ondorioz, salaketa ez jartzea erabakitzen dute, "zailtasun asko" dituztelako horretarako.
Joan den astean Pasaian izandako hilketa matxistaren ondoren, Manuel Lezertua arartekoak ere "gogoeta" eskatu zuen. Hain zuzen, kasua bera eta horren inguruabarrak "zorrotz berrikustea" eskatu zuen, ulertzeko zergatik, biktimak erasotzailea salatu arren, "ezin izan dute emakumea babestu" eta salatutako erasotzaileak bera hil izana saihestu. Gaur, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, onartu du indarkeria matxistaren kontrako protokoloak ez direla "%100 hutsezinak".