Eguraldia
Asteburu luzerako, negu beteko eguraldia
EITB MEDIA
Larunbatetik aurrera aire masa hotz baten eraginpean izango gara, eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera, 5 °C-raino toki askotan. Euria gogotik egingo du, eta igandean, elurra ere egin dezake 600-800 metroan.
Abenduko sasi-zubi honek negu saioko traza hartuko du, eguraldiari dagokionez: hotza, euria, eta elurra ere etorri ei zaizkigu, Euskalmetek eta EITBren zerbitzu meteorologikoak egindako iragarpenaren arabera betiere. Polotik iritsiko den aire masa hotz bat eta depresio bat izango dira, larunbatetik aurrera, giro makurraren erantzuleak.
Frontea iritsi baino lehen, gaurko eguna, osteguna, tenperatura atseginagoekin emango dugu, eta maximoak 16-17 ºC ingurukoak izango dira Bilbon, Donostian eta Baionan, hego-mendebaldeko haizeari esker. Zerua lainotuta egongo da, batez ere iparraldean. Hala, ez da baztertzen Kantauri isurialdean tarteka euri txikia egitea. Hegoaldean, aldiz, hodeiak argiguneekin tartekatuko dira.
Askorentzat jaieguna den ostirala bustitik esnatuko da, bereziki iparraldean eta ekialdean (Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa iparraldea). Lurraldearen hegoaldean ateri eutsiko dio, eta egunaren bigarren zatian eguzkiaz gozatu ahalko dute. Tenperaturetan ez da aldaketarik izango, eta minimoak bezperan baino zertxobait altuagoak izango dira.
Giroa larunbatean petralduko da. Prezipitazioa, haizea, tenperatura beherakada eta elurra 800-1.000 metroan, horratx, iragarpenak dioena. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta traba egingo du egun osoan. Horrek hotz sentsazioa areagotuko du. Termometroak 4-5 ºC-raino jaitsiko dira Gasteizen eta Iruñean, eta 7-10 ºC-an errendituko dira Donostian eta Bilbon. Epelenek ez dute 15 ºC-ren langa inolaz ere gaindituko. Zerua estalita egongo da, eta euria egingo du, goizetik gauera. Elur kotak behera egingo du arratsaldean, eta gauean 800-1000 metro inguruan egongo da.
Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hiru abisu hori ezarriko ditu muturreko eguraldiagatik: prezipitazio iraunkorrengatik, Bizkaian eta Gipuzkoan (12:00etatik 24:00etara); haizeagatik, bi lurraldeetan (09:00-24:00) eta elurragatik, barnealdean (Araba guztian eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 18:00etatik gauerdira arte). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, bost metroko olatuak espero baitira.
Hotz bolada igandean zakartuko da. Modelo meteorologikoen arabera, negu gorriko giroa espero da, eta termometroak are gehiago jaitsiko dira. Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko du, eta giro bustia nagusiko da. Elurra ere egin dezake maila baxuetan, 600-800 metroan.
Hurrengo astea ere giro ezatseginarekin abiatuko dugu, joeraren arabera.