Saria
Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du 2025eko Urrezko Danborra
EITB Media
Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak proposatutako 98 hautagaien artean aukeratu du Jon Garañoren, Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren ekoiztetxea. Urtarrilaren 20an jasoko dute golardoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileek osatutakoak, jasoko du 2025eko Urrezko Danborra.
Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak proposatutako 98 hautagaien artean aukeratu dituzte 'Moriartitarrak', Udalak jakinarazi duenez. Beste batzuen artean, Bruce Springsteen, Johnny Depp eta Amancio Ortega ageri ziren zerrendan, baita Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria, Amaia Montero eta Leire Martinez abeslariak eta Fermin Muguruza musikaria ere.
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, Moriarti Produkzioak aukeratzeko "soberako arrazoiak" izan dituzte. "Donostian bertan sortua da, eta bere lana mundu guztira zabaldu du", adierazi du. Horren erakusle, erabakia aho batez hartu izana.
EITBri egindako adierazpenetan, pozarren agertu dira Xabier Berzosa eta Jon Garaño ekoiztetxeko kideak: "Ilusio handia egin digu, oso berezia da saria, etxekoa, gertutasunetik datorrelako". Hautagai ziren zekiten arren, ez zuten "inondik inora espero"; "sorpresa izan da", aitortu dute.
Handia, La trinchera infinita eta Loreak film sarituen egile dira Arregi, Garaño eta Goenaga, eta karteldegian dute oraindik euren azken lana: Marco. Urte hasieran, estreinatu zuten, arrakasta handiz, euren lehen telesaila izan dena: Cristobal Balenciaga, Getariko jostun ezagunaren bizitzari buruzkoa.
Hiru zinemagile horiez gain, Xabier Berzosak eta Asier Atxak osatzen dute Moriarti Produkzioak.
Urrezko Danborra urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, jasoko dute bostek, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.