Alkohola eta drogak
EAEn zenbatu dira intoxikazio alkoholiko gehien, Gaztela eta Leonen atzetik
EITB Media
Alkohola goizen probatzen dutenak, berriz, nafarrak dira, batez beste 15,8 urterekin edaten baitute lehen aldiz, eta soilik Valentziakoak daude horien aurretik.
Euskal Autonomia Erkidegoan zenbatu dira azken urtean alkohol-intoxikazio gehien (% 23,8), Gaztela eta Leonen atzetik (% 26,4), eta Espainiako Estatuko batez bestekotik (% 14,3) oso urrun daude bi autonomia erkidego horietan.
Horixe ondorioztatzen da aste honetan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Drogei buruzko Plan Nazionalerako aurkeztu duen inkestatik. Bertan jasotzen denez, alkohola, tabakoa eta marihuana dira herritarrek gustukoen dituzten hiru substantzia psikoaktiboak.
Alkoholak lehen tokian jarraitzen du prebalentzia egonkorrarekin, tabakoaren kontsumoa 30 urtean izan duen maila baxuenetara jaitsi da, eta kalamuarena da gora egin duen bakarra.
Valentziako Erkidegoan probatzen dute alkohola goizen eta edaten dute gehien, Aragoi eta Asturias daude atzetik, eta Extremaduran erretzen dute gehien, bai tabakoa, bai marihuana.
Datuak sexuaren arabera bereizita, bada alderik (hipnosedanteen datuak izan ezik, gizonezkoek kontsumitzen baitituzte gehien), eta erkidegoen artean ere bada alderik.
EAE bigarren, sailkapen etilikoan
Espainiako Estatuko 15 eta 64 urte bitarteko herritarren hiru laurdenek (% 76,5) alkohola edan dute azken urtean, % 63,5ek azken hilabetean eta % 10,5ek egunero edan dute.
Alkohola aurrenekoz probatzen goiztiarrenak Valentziakoak dira, 15,7 urterekin edaten baitute lehenengoz, eta gazteenen sailkapenean bigarren postuan nafarrak daude, 15,8 urterekin edaten baitute lehen aldiz. Estatuko batez bestekotik (16,4 urte) gora daude biak, baina, kontrara, inoiz alkohola probatu duten nafarren portzentajea (% 89,9) beste erkidego gehienen batez bestekotik behera gelditzen da.
Gaztela eta Leonen izan dira azken urtean intoxikazio etiliko gehien (% 26,4), Estatuko batez bestekotik (% 14,3) 12 puntura. EAE dago sailkapen horretan bigarren, % 23,8ko tasarekin.
Extremadura, erretzaileena
2024 honetan bildutako datuen arabera, Espainiako Estatuko herritarren bi herenek (% 66,6) noizbait erre dute, % 36,8k azken urtean, % 33,9k azken hilabetean eta % 25,8k egunero. Erregistroak daudenetik izan diren daturik baxuenak dira.
Tabakoa erretzen hasteko batez besteko adina 16,6 urtekoa da, baina Extremaduran 15,8 urterekin hasten dira erretzen, Melillan 17,3rekin eta Madrilen 17rekin.
Halaber, Extremaduran dago ohiko erretzaile gehien, izan ere, bertako herritarren % 48,8k erre dute azken hilabetean, eta % 41,7k egunero erretzen dute. Beste zenbait erkidegotan, Kantabrian (% 18,5) eta Nafarroan (% 19,7), esaterako, horien erdira ere ez dira iritsi.
Bestalde, Extremaduran zenbatu dituzte azken urtean marihuana-kontsumitzaile gehien (% 23,1), eta bertan ia bikoiztu egiten dute Estatuko batez bestekoa (% 12,6). Marihuana-kontsumitzaile gutxien, berriz, Madrilen (% 9,7) eta Andaluzian (% 10) dituzte, hiri autonomoez gain.