Itxi

Eguraldia

Euri denboralea arintzen joango da, eta elurra eta hotza izango dira hurrengo egunetako protagonistak

EITB Media

Leer en Castellano

EAEko barnealdea eta Nafarroako Pirinioak abisupean egongo dira elurteengatik. Tenperaturak are gehiago jaitsiko dira, eta minimoak apenas helduko dira 0 °C-ra Gasteizen edo Iruñean. Hala, izotza egingo du Araban eta Nafarroan.

Elurra Asparrenan (Araba). Argazkia: Amado Lopez de Ipiña

Ia aterrunerik gabe izan gara asteburuan, baina hurrengo orduetan zaparradak tartekatuagoak eta urriagoak izango dira. Hori horrela, hotza eta elurra izango ditugu hizpide hurrengo egunetan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriteengatik ezarritako alerta laranja bertan behera utzi du. Nolanahi ere, 18:00ak arte abisu horia izango da indarrean Bizkaian, Gipuzkoan eta Araba iparraldean prezipitazio iraunkorrengatik.

Elurragatik barnealdean ezarritako abisu horia, baina, luzatu egin du Jaurlaritzak, eta biharko 18:00ak arte egongo da aktibo. Gaur eguna bukatzeraino egongo da indarrean, eta maila igotzen joango da 1.000-1.100 metroan kokatu arte. Egunaren amaieran 800-1000 metrora jaits daiteke. Aurreikusitako lodierei dagokionez, 1.000 metrora baino ez da espero elurra pilatzea (0-5 cm). 

Asteartean, behera egingo du elur mailak, eta 600-800 metroan kokatu. Dena den, kasu honetan ere, 1.000 metroan baino ez da espero geruza zuria (0-5 cm). Asteazkenean, apur bat gorago egongo da kota, 700-1.000 m (abisurik ez da ezarri egun horretarako, oraingoz). 

Nafarroan, Pirinioak abisupean egongo dira elurteengatik, gauerdira arte. Elur maila 600-800 metroan egongo da. 

Hotzetik jarraituko dute hurrengo egunek. Asteartean are gehiago jaitsiko dira termometroak, eta ez dute inon 10 ºC-ko langa gaindituko. Tenperatura minimoei dagokienez, baxuak izango dira barnealdean: Gasteizen eta Iruñean 0 ºC-ren bueltan izango dira, eta hotzenak egunaren amaieran erregistratuko dira. Hala, Araban eta Nafarroa izotza egin dezake. Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearterako, muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik Araban (18:00-24:00). Aemetek ere abisupean jarri ditu Pirinioak, hotzenak zeroz azpitik 6 gradukoak izan ahal baitira han. 

Asteazkenean mendi inguruetan eta Araba zein Nafarroako zenbait tokitan izotza egin dezake berriro ere. 

Albisteak (2)