Itxi

INKESTA

Zientzialarien erdiek erasoak jasan dituzte hedabideetan beren iritzia eman ondoren

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Hori da Espainiako Estatuan egin den ikerketa aitzindariaren ondorio nagusia. Maider Eizmendi Iraola EHUko Gureiker taldeko ikertzaileak gidatu du, eta bertatik ateratako emaitzak 'Science' eta 'Nature' aldizkarietan argitaratu direnen antzekoak dira.

Laborategi bateko mikroskopioa. Egile eskubiderik gabeko irudia

Espainiako Estatuko zientzialarien erdiek (% 51,05) erasoak jasan dituzte azken bost urteetan hedabideetan beren iritzia eman ondoren, bereziki covid-19az edo klima aldaketaz hitz egin dutenean. Gainera, emakumeen aurkako erasoak (% 56,86) ugariagoak izan dira gizonen kontrakoak (% 46,21) baino.

Horiek dira Maider Eizmendi Iraola EHUko Gureiker taldeko ikertzaileak gidatu duen inkestaren ondorio nagusiak, eta bertatik ateratako emaitzak Science eta Nature aldizkarietan argitaratu direnen ildo berekoak dira. 

Emaitzak azaltzeko hedabideen aurrean egindako agerraldian Maider Eizmendik azpimarratu duenez, esperientzia negatiboak izan dituzten ikertzaileen % 16,5ek dibulgazio lanak uztea eta hedabideekin gehiago ez hitz egitea erabaki dute.

Ikerketa lanak agerian utzi du, batetik, herritarrentzat garrantzitsua dela kontrastatutako informazio zehatza jasotzea, eta, bestetik, kazetarientzat ere berebizikoa dela informazio iturri fidagarri eta egokiak izatea.

Inkestan parte hartu duten zientzialarien % 83,12k balorazio positiboa egin dute hedabideetan izan duten parte-hartzearen inguruan. Batez ere, beren mezuak eta ikerketak helarazteko aukera azpimarratu dute; aitzitik, esandakoak desitxuratzeko beldurra edo denbora falta kritikatu dute.

Erasoen artean, gehienak irainak (% 30,38) izan dira, baita gaitasun profesionalari eta integritate profesionalari buruzko iruzkinak ere.

Zientzialarien aurkako eraso horiek, batez ere, X sare sozialean (% 59,86) eta hedabide digitaletan (% 21,13) gertatzen dira. Hala ere, zenbait kasutan irainak aurrez aurrekoak izaten dira, izan publikoan (% 11,97) edo pribatuan (% 7,39).