Itxi

KLIMA ALDAKETA

Zarauzko hondartza klima-aldaketaren aurka egokituko da, olatuen eragina murriztu eta pasealekua babesteko

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal Autonomia Erkidegoan ekintza klimatikoari dagokionez egingo den proiekturik handiena da. Olatuen eragina murriztu, sarbideak hobetu eta itsas pasealekua babestea izango du xede; izan ere, lanok egingo ez balira, 2050erako, azaleraren % 30 galtzea ekarriko luke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zarauzko hondartzan, euskal kostaldeko hondartzarik zabalenean, ingurune naturala eta hiri-azpiegiturak babesteko esku-hartzeak egingo dira, klima aldaketari aurre egiteko asmoz. Hala, olatuen eragina murrizteko, sarbideak hobetzeko eta itsas pasealekua babesteko neurriak hartuko dira; izan ere, lanok egingo ez balira, 2050erako, azaleraren % 30 galtzea ekarriko luke. Dena ondo bidean, lanak 2025 amaieran hasiko dira, datorren udaren ondotik, eta 12 hilabeteren buruan amaituko dira. 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute.

Lanok Narros-Munoaren aurrealdean hasiko dira, hain zuzen ere ostalaritzako eta jarduera ekonomikoetako hainbat lokal dauden gunerik problematikoenean. Lehenengo fasean, mendebaldeko hondartzarako sarbideak birmoldatzea planteatu da, Munoa plazatik jaitsi eta hondartza lehorrean sartzen diren eskailerak eraitsiz, baita itsas pasealekuaren gaineko hegala ere. Bestetik, itsas pasealekua 0,50 metro altxatuko da 158 metroan zehar, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta uholdeak eta egiturazko kalteak saihesteko. Gainera, pasealekua olatuetatik babestuko da botaola-horma baten bidez.

Ostegun goizean Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera bisita egin dute jarduerak aurreikusita dauden eremura. Euskadiko proiekturik handiena da ekintza klimatikoari dagokionez, Europar Batasunak babestua eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak koordinatua, hogei erakunde baino gehiagorekin lankidetzan.

Itsasertzeko inpaktuak kezka iturri dira azken boladan itsasertzeko udalerrietan, euskal biztanleriaren % 60 inguru Zarautzen moduko kostaldeko eremuetan bizi baita. Gauza jakina da, alde batetik, itsas maila nabarmen ari dela gora egiten, eta olatuek ere gero eta gogorrago jotzen dutela pasealekuetan. Jauregik ohartarazi duenez, "2050erako, komunitate zientifikoak itsas mailaren 26 cm-ko igoera aurreikusten du, eta 2.100erako igoera 51 cm-tik 1m-ra bitartekoa izango da Euskadin".

Gauzak horrela, beharrezkotzat jo ditu Jauregik gisa horretako "arintze- eta egokitze-ekintzak, gure lurraldea erresilienteagoa izan dadin". Zarauzko alkateraren hitzetan, berriz, "premiazkoa da Zarauzko kostaldea babesten lagunduko duten neurri horiek martxan jartzea urte osoan zehar jarduera ugari eta bizia izaten duen gune honetan"; izan ere, gero eta ohikoagoak dira muturreko gertaerak, eta atzera begiratzea besterik ez dago 2014ko denboraleak, Gipuzkoako udalerri horretako malekoian eragin zituen kalte larriak ikusteko.

Zarauzko Udalak lanak lizitazio bidez esleituko ditu 1,5 milioi euroko zenbateko ekonomikoarekin eta 12 hilabete inguruko exekuzio epearekin.

Bideoak (1)