Itxi

Ordenantza

Donostiako Isuri Gutxiko Eremua larunbat honetan sartuko da indarrean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hasiera batean, arau-hausleei ez zaie isunik ipiniko, martxora arte. Gainera, ez da beharrezkoa izango ibilgailuetan ingurumen-bereizgarria jartzea; izan ere, eremurako sarreretan jarritako kamerek matrikulak kontrolatuko dituzte eta automatikoki egiaztatuko dute ingurumen-etiketa.

Isuri Gutxiko Eremua.

Donostiako Isuri Gutxiko Eremua (IGE) larunbat honetan sartuko da indarrean. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, buletinak gaur argitaratu du ordenantza, eta horrek esan nahi du bihar sartuko dela indarrean, baina oraingoz ez du eraginik izango, inguru horretako kontrol-kamerak ez baitira urtarrilera arte martxan hasiko.

Lehenengo hiru hilabeteak herritarrak egokitzeko eta informatzeko izango dira. Hala, araudia betetzen ez duten gidariek informazio-jakinarazpen bat jasoko dute, baina ez dute isunik ordaindu beharko.

Aldiz, martxotik aurrera, Udala ordenantza betetzen ez duten ibilgailuak zigortzen hasiko da.

Isuri Gutxiko Eremua aplikatzeko lehen fasean, 2025etik 2027ra bitartean, ezingo dira erdigunera sartu ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak, zuzeneko baimena duten salbuespenezko kasuetan izan ezik, hala nola inguruan erroldatutako bizilagunak.

Beste kasu batzuetan, baimen berezia dutenak ere sartu ahal izango dira, aldi baterako edo modu iraunkorrean.

2028tik aurrera ezingo dira IGEra sartu ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuak, ezta B etiketa dutenak ere, salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Ez da beharrezkoa izango ibilgailuetan ingurumen-bereizgarria jartzea; izan ere, kamerek matrikula kontrolatuko dute eta automatikoki egiaztatuko dute ingurumen-etiketa.