Gabonak
Olentzeroren kalejirak berrikuntzak izango ditu Iruñean, hala nola abesbatza berri bat
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gainera, alkateak koadro zuri eta urdindun zapi bat jarriko dio Olentzerori Udaletxe plazara iristean.
Olentzeroren kalejira tradizionalak abesbatza berri bat izango du aurten Iruñean. Horrela, hiru abesbatzak osatuko dute segizioa, kide berriarekin batera, Muthiko eta San Frantzisko abesbatzek ere parte hartuko baitute.
Gainera, abenduaren 24an, desfilean parte hartuko duten 200 animalien artean ahuntz talde bat egongo da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Kalejiraren ibilbidearen berri ere eman dute. 18:00etan Arte Aplikatuen eskolatik aterako da, eta Iturralde eta Suit, Askatasun plaza, Paulino Caballero, Nafarroako Gorteak, Karlos III.a, Gaztelu plaza, Chapitela, Mercaderes, Estafeta eta Amaya kaleak zeharkatuko ditu irteera lekura itzultzeko. Udaletxe plazan, udalbatzak eta La Pamplonesa musika bandak Olentzero hartuko dute. Bertan, alkateak koadro zuri eta urdindun zapi bat jarriko dio.
Bestalde, Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakari Patxi Perezek, epaimahaikide gisa, jakinarazi du Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak jaso duela aurten Txondorra Egun-ikatza saria, bere 50. urteurrena dela eta. Horrez gain, Perezek aitortu du elkarteak dantzak sustatzen, jantzi tipikoak egiten eta dantza, ohitura eta usadioen ondarea gordetzen egindako ibilbidea.