Drogak
Gizon bat atxilotu dute Eibarko pabiloi batean 150 landareko marihuana-plantazio bat aurkitu ostean
Agentziak | EITB Media
Ur-iragazketa batzuen ondorioz langile batzuk Matsaria auzoko erabiltzen ez zen pabilioi batera sartzen saiatu zirenean topatu zuten, ustekebean, plantazioa. Ertzainak zaintza-dispositibo bat ezarri zuen, eta susmagarria aurkitu zuen.
Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu dute Eibarren (Gipuzkoa), marihuana-plantazio batekin zerikusia duelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ur-iragazketa batzuen ondorioz langile batzuk Matsaria auzoko erabiltzen ez zen pabilioi batera sartzen saiatu zirenean topatu zuten, ustekebean, plantazioa.
Eraikinaren teilatutuik ikusi zituzten landareak langileek eta, Ertzaintzak zaintza-dispositibo bat ezarri zuen gero.
Agenteek gizon bat harrapatu zuten pabiloi barrura sartu eta handik gutxira leiho batetik ateratzen.
Patruilak susmagarria geldiarazi eta identifikatu zuen. Pabilioiko ateak zabaltzen zituzten giltza-sorta bat zeraman. Pabilioian marihuana hazteko prestatutako gune bat zegoen, 150 landare inguru zituena, eta argindar-sarea manipulatua, instalazioan argia mantentzeko.
Hori dela eta, agenteek 27 urteko susmagarria atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko polizia-eginbideak egiteko.
Aske utzi zuten eta epaileak deitzen dionean joan beharko da harengana azalpenak ematera. Ikerketak zabalik jarraitzen du.