Itxi

OSASUNA

Larrialdietarako koordinazio gune bakarra sortuko du Osakidetzak, erantzun azkarragoa eta hobea emateko

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Osasun sailburuak larrialdi zerbitzuaren berregituraketa iragarri du. Gunea hurrengo hiru hilabeteetan garatuko den plan baten bidez gauzatuko da.

Alberto Martinez Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Argazkia: Irekia

Osakidetzak larrialdietarako koordinazio gune birtual bakarra sortuko du eta kudeaketa prozesuak bateratuko ditu erantzun tarteak eta kalitatea hobetzeko, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean iragarri duenez.

Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak eskatuta, Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean eta bertan iragarri du larrialdi zerbitzuaren berregituraketa.

Hiru lurraldeetarako kudeaketa eredu bakarra izango da, eta helburua izango da herritarrari zerbitzu bateratu batetik modu eraginkorragoan arreta ematea, edozein lurraldetan egonik ere. Martinezen arabera, Osasun Sailaren helburua "ahal den guztietan erantzun-denborak eta osasun-larrialdi guztietan erantzunaren kalitatea hobetzea" da. 

Antolaketa egitura bera ere aldatuko da, kudeaketa eta asistentzia funtzioak konbinatuko dituen zerbitzuaren egitura "horizontalagoa" izan dadin. Hori dela eta, koordinazio gune birtual bakarra sortuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren populazioa aintzat hartuta, Martinez sailburuak onartu du larrialdietarako koordinazio zentro fisiko bakar bat izatea dela komenigarriena, baina uste du fase honetan zentro birtual batekin nahikoa dela.

Bestalde, lantaldea handitzearen beharra ere nabarmendu du.