BIZKAIA
Getxon labankadaz eraso egiteagatik atxilotutako 20 urteko gaztea espetxeratu dute
agentziak | eitb media
Gaztea epailearen esku utzi dute gaur, eta epaileak behin-behinean espetxeratzea agindu du arratsaldeko azken orduan.
Larunbatean, Getxon (Bizkaia) 23 urteko gazte bat labankadaz larri zauritu zuelakoan atxilotutako 20 urteko gaztea espetxeratu egin dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gaztea epailearen esku utzi dute gaur, eta epaileak behin-behinean espetxeratzea agindu du arratsaldeko azken orduan.
Sastaketarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako hiru adingabeak, berriz, libre geratu dira asteburuan, Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko hitzorduaren zain.
Larunbat goizaldeko hirurak aldera izan zen gertakaria, Areeta auzoko Ibaigane kalean, metroko sarreraren inguruan.
Zenbait gazte borrokan hasi ziren, eta 23 urteko gizonezko bat sastatu zuten. Zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri. Arma zuriz egindako zauriak zituen sorbaldan eta bizkarrean, eta labankada bat birikara iritsi zitzaion.
Biktima larri dago, baina egonkor, eta ez dago bizia galtzeko arriskuan.
Erasoaren ostean, ertzainak eta udaltzainak bertaratu ziren, eta lau pertsona atxilotu zituzten gertakariarekin lotuta, hiru adingabe tartean.
Ustez erasoan erabilitako labana trenbidean botata aurkitu zuten.