Itxi

Migratzaileen Eguna

Euskadin bizi diren atzerritarrak 300.000 biztanle inguru dira, biztanleriaren % 13,5

A. S. | EITB MEDIA

Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritarren ia erdiak Latinoamerikatik etorritakoak dira, atzerritik datozenen % 49,8.

EITB MEDIA

Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleak 298.422 dira, hau da, biztanle guztien % 13,5. Pertsona horien ia erdiak Latinoamerikatik etorri dira, hau da, talderik ugariena da (biztanleria osoaren % 49,8), eta, atzetik du Afrikatik etorritakoen taldea (ia % 25).

Araba da atzerritik etorritako biztanleriaren ehuneko handiena duen lurraldea —biztanleriaren % 11,2— eta ondoren daude Gipuzkoa (% 9,9) eta Bizkaia (% 9,5). EAEko hiru hiriburuei erreparatuz gero, Gasteizen dago migratzaile kopururik handiena, hiriko biztanleriaren % 17,1; Bilbon % 16,4koa da atzerriko jatorria duten pertsonen kopurua, eta Donostian, % 14,5ekoa.

Amerikako herrialdeetakoak dira nagusi EAEn, atzerrikoak diren pertsonen % 46,3 osatzen baitute, eta ondorengo jatorria dute, hurrenez hurren: Kolonbia, Nikaragua, Venezuela, Honduras eta Paraguai. Latinoamerikatik etorritako pertsonen % 59 emakumeak dira, eta gehienak 25-44 urteko adin-tartean daude.

eitb media

Bigarren talderik ugariena afrikarra da, Euskadiko atzerritarren ia % 25 hartzen baitu. Kolektibo horrek hazkunde nabarmena izan du azken urteotan, bereziki Marokotik, Senegaldik eta Magrebeko beste herrialde batzuetatik etorritakoen kopuruak gora egin duelako. Afrikar jatorriko pertsona gehenak, berriz, gizonezkoak dira. Europar jatorriko biztanleriari dagokionez, batez ere Ekialdeko Europako herrialdeetatik etorritakoak dira, Errumaniatik, gehientsuenak.

Euskadin atzerrian jaiotako 70.000 gazte baino gehiago bizi dira (15-29 urte bitartekoak), hau da, Euskadin bizi diren gazte guztien % 21,7 osatzen dute. Gehienak Amerikatik datoz. Lurraldeka, Bizkaia da atzerrian jaiotako gazte gehien hartzen dituena (36.239).

eitb media

Asko eta askotarikoak dira migratzeko arrazoiak: lana bilatzea, bizi-kalitate hobea topatu nahia, beste herrialde batean esperientzia bat bizitzeko gogoa... Hori da gure protagonistaren kasua. Tarana Karim du izena, emakume migratzailea da, jatorri azerbaijandarra du eta musulmana da. Zuzenbide ikasketak burutu zituen sorterrian, Euskal Herrira duela 22 urte etorri baino lehen, eta urteak daramatza giza eskubideen alde eta arrazakeriaren aurkako lanean.