Itxi

Albisteen zuzenketa

100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzten influencerrak behartuta egongo dira albiste faltsuak gezurtatzera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Zuzenketa Eskubidea Arautzen duen Lege Organikoaren aurreproiektua gaur onartu du Ministroen Kontseiluak, eta sare sozialen erabiltzaile garrantzitsuez hitz egiten du, sare sozial batean 100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzten edo sare sozialetan orotara 200.000 baino gehiago dituztenei buruz.

Felix Bolaños Justizia ministroa aurreproiektua azaltzen, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Zuzenketa Eskubidea Arautzen duen Lege Organikoaren aurreproiektua, eta sare sozialen erabiltzaile garrantzitsuez (influencer) hitz egiten du, hau da, sare sozial batean 100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzten edo plataforma eta sare sozial guztietan dituzten jarraitzaileak batuta 200.000 baino gehiago dituztenei buruz.

"Pertsona horiek komunikabide tradizional askok baino ahalmen handiagoa dute informazioaren zabalkundean. Eta badira egiezen eta gezurren profesionalak, egunero gure eztabaida publikoa gezurrekin eta faltsukeriekin estaltzen dutenak. Haien aurka egin ahal izango dute haiek zabaldutako gezur edo zehaztasun faltak kalte egin dietela uste duten herritarrek", zehaztu du Felix Bolaños Justizia ministroak.

Ministroen Kontseiluak aurreproiektua onartu du, eta 1984ko araua erabat ordezkatu. Neurria "Demokraziaren aldeko Ekintza Egitasmoan" jasota zegoen. Egiezek kaltetutako herritarrei eskubide hori bermatzea da helburua, eta, lehen aldiz, influencerrak barne hartzen ditu.

Justizia Ministerioaren arduradunak azaldu ditu araudi berri honen xehetasunak. "Eztabaida publikoan kalitate handiagoa bultzatu nahi dugu. Gure herritarren zuzenketarako eskubidea erraztu eta bermatu nahi dugu, baldin eta informazio faltsua, zehaztugabea eta gezurra bada", azpimarratu du, eta gaineratu du arauaren bidez "zuzenketaren inguruabarrak egokitu egingo direla ingurune digital batera", hau da, gaur egungora. Adierazi du, halaber, prozesua "azkartuko" dela.

Zehazki, Bolañosek zehaztu duenez, lege berriak jasotzen dituen bi berrikuntza "giltzarriak" hauek dira: informazio eta komunikazio modu berriak jasotzen ditu, eta, bigarrenik, "aldaketak egiten ditu, albiste faltsu edo zehaztugabe baten eraginpean dauden herritarrek egiazko informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko".

Aurreproiektuak dituen berrikuntza garrantzitsuenen artean ere, Bolañosek nabarmendu du zuzenketa eskatzeko epea 7 egunetik 10 egunera luzatzen dela.

Bolañosen ahotan, araua "ona izango da, halaber, komunikabideen jokabide egokiak nagusitzeko, eta egunerokoan gertakariak zehaztasunik gabe edo faltsukeriaz ematen diren informazioak argitaratzen dituztenak jabetu daitezen".