Indarkeria matxista
Urretxindorra Ikastolari "pederasta baten konplize eta babesle" izatea egotzi diote ikasle eta ikasle ohiek
EITB Media
Ohar batean salatu dutenez, irakasleak 30 urtez egin dizkie erasoak 10-17 urteko neskei, eta haren kontrako "salaketa ugari" egon arren, ikastolak ezikusiarena egin du; are gehiago, salatzaileak "zigortu eta mehatxatu" ditu.
Urretxindorra Ikastolako ikasle eta ikasle ohiek hezkuntza zentroaren jarrera salatu dute eta "pederasta baten konplize eta babesle" izatea egotzi diote. Bilboko ikastola horretako irakasle bati buruz —berriki apartatu dute— ari dira ikasleak, izan ere, hainbat biktimak indarkeria matxistagatik salatu dute gizonezko irakaslea.
Emakumeok oharra kaleratu zuten atzo, asteartearekin, "Ez dira emakumeak, neskak dira" izenburupean. Idatzian ikasle emakumezko adingabeek 30 urtez pairatutako erasoak kontatu dituzte, eta ikastolak berak eta Ikastolen Elkarteak auziaren inguruan emandako argibideei erantzun diete.
Agirian diotenez, biktimek eta familiek irakasle horren kontrako "salaketa ugari aurkeztu dituzte urteetan zehar". Euren esanetan, jazarpen eta indarkeria matxista kasua "ezaguna zen", "neskatilei egindako iruzkinak, begiradak eta kutsu sexualeko jarrerak denen aurrean" egiten zituen gizonak. Kritikatu dutenez, ikastolan "zabal eta naturaltasunez" hitz egiten zen gertatzen zenaz, "helduen ustez, esajeratu egiten genuen edo askori dibertigarria egiten zitzaien gizon horri 'neskatilak' hainbeste gustatzea", erantsi dute.
Por todo esto, las ex alumnas de la ikastola queremos recopilar los testimonios de años y años de silencio institucional, para que esto no vuelva a pasar nunca. Si tú también viviste alguna situación así con este profesor, escribenos! No estás sola! pic.twitter.com/2jBpEXr72h
— @urretxindorra_salaketak (@urretxisalaketa) December 17, 2024
Salaketon aurrean, itunpeko ikastetxeak "konplize" lanak egiten zituen eta irakaslea "estali" zuen, betiere ikasleen esanetan. Diotenez, gizon matxista salatu zuten ikasleak "zigortu eta mehatxatu" zituen eta "biktimak engainuen bidez isilarazten saiatu zen". Horrez gain, uste dute "gertakariak ezagutu dituzten heldu guztiek utzikeriaz" jokatu zutela, "erantzukizuna neskatoen lepo" utzi dutela, "birbiktimizatuta".
Auzia joan den ostiralean lehertu zen, hainbat biktimak irakaslea salatu zutenean sare sozialen bitartez. Handik bi egunera jakin zen ikastolak maisua baztertu zuela, eta Hezkuntza Sailak ikerketa zabaldu zuela. Hain justu, sare sozialetan zabaldutako salaketa horien aurrean, ikasleek argitu nahi izan dute horietako batzuek kexa formala aurkeztu zutela zuzendaritzan, eurak ere biktima izaten jarraitzen zutelako.
Horren aurrean Urretxindorra Ikastolak izandako jokaera salatu dute oharrean: "Gezurra esan zieten, duela hiru urte baino gehiago gertutakoak iraungita zeudela eta irakasleak 'aldatu den pertsona bat' izan zitekeela aurpegiratuz. Biktimen izen-abizenak eskatu zieten (denak adingabeak). Salaketak publiko ez egiteko ere galdegin zieten, eta gurasoei horren berri emango ez ziela azpimarratu; ikastetxearen arabera, 'ez zegoen jakinarazi beharreko informaziorik'".
Bilboko ikastola horretako ikasle eta ikasle ohiek jasandako erasoak zehatz kontatzen dituzte oharraren azken partean, eta biktimei "bakarrik ez" daudela gogorarazi diete. Bestalde, euren testigantza emateko eskatzen diete, betiere anonimotasuna errespetatuta.
Urretxindorrak barkamena eskatu eta berriro ez gertatzeko konpromisoa berretsi du
Testuinguru honetan, atzo bertan ohar bat kaleratu zuen Urretxindorra Ikastolak. Idatzian "jarrerarik irmoena" erakutsi nahi izan du emakume eta adin txikien aurkako eraso eta jazarpenen aurrean, eta "konpromisoa" berretsi du "horrelakoak berriz gerta ez daitezen". Ikastetxeak gogorarazi du salatutako irakasleak ez ditu jada bertan eskolak ematen.
Nabarmendu duenez, salaketak agertu ziren "lehen unetik" lanean hasi zen zentroa, eta ordutik, "kasu hauek behar duten zorroztasun eta diskrezioarekin" jardun du. Ikastolaren Erretore Batzordeak eta Zuzendaritza taldeak sinatutako agiriak dio "hausnarketa sakona" egiten ari direla.
"Norbait erasotua edo jazartua sentitu bada", barkamena eskatu dio ikastolak, eta "berriro ez gertatzeko konpromiso sendoa" adierazi.
Era berean, ikastolak jakinarazi du bitarteko berriak jarri dituela kasuok atzemateko, eta lekukotzak biltzeko prest dagoela. Dena dela, biktimekiko "errespetuagatik" eta "hartu diren eta aurrerago har daitezkeen neurriak ez oztopatzeagatik", ikastetxeak ez duela "sare sozialetan inolako eztabaidarik sustatuko".
Bestalde, Ikastolen Elkartea federazioak posta elektronikoa jarri du salaketak jasotzeko: salaketak@ehi.ikastola.eus.