Itxi

EUSTAT

EAEko etxeen % 90ek baino gehiagok dute Interneterako sarbidea

EITB MEDIA

Ehuneko hori % 98,4raino igotzen da gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko pertsona bat duten familien kasuan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera.

Pertsona bat portatilean erosketak egiten. Pixbayren artxiboko irudia

Euskadiko familien % 91,2k Interneterako sarbidea dute 2024an, hau da, 2014. urtearekin alderatuta, datuak 24,8 puntuko igoera izan du. Ehuneko hori % 98,4raino igotzen da 16 eta 74 urte bitarteko gutxienez pertsona bat duten familien kasuan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera.

Ordenagailuak etxeen % 77,1ean daude, 2014an baino ehuneko 8,1 puntu gehiago, eta ordenagailu eramangarrien kasuan, etxeen % 59,9an. Gainera, EAEko etxebizitza ia guztietan (% 98,2k) telefono mugikorren bat dute, hau da, duela 10 urte baino 5,2 puntu gehiago.

Inkestak aditzera eman duenez, bestalde, EAEko biztanle ia guztiek Internetera sarbidea dute, eta % 97,7 whatsapp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez komunikatzen dira. Helbide elektronikoa, berriz, % 85,2k erabiltzen dute.

Interneteko erabiltzaileen % 57 sare sozialetan ibiltzen dira, eta ehuneko hori % 88,3ra igotzen da 15 eta 24 urte bitarteko pertsonen artean. Banku-aplikazioak, berriz, Internetera sartzen direnen % 74,1ek erabiltzen dituzte, eta % 53,1ek ostatu- edo bidaia-erreserbak egin dituzte.

Eustatek merkataritza elektronikoari buruzko datuak ere ematen ditu, eta % 56,8k zerbitzuren bat erosi dute azken 3 hilabeteetan, 977.500 pertsonak. Zifra hori 15 urte eta gehiagoko EAEko biztanleria osoaren % 51 da. Hala, duela 10 urte Internet bidez erosketak egin zituzten pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da. Arropa, oinetakoak eta osagarriak, etxerako ondasunak edo kultura-ekitaldietarako sarrerak dira Internetez gehien erosten diren zerbitzu edo produktuetako batzuk.

Enpresa alorrean

Enpresen % 96k Interneterako sarbidea dute eta % 57,4k web-orriak. Azken 10 urteetan, enpresan ordenagailuak erabiltzen dituzten langileen ehunekoa % 67,6tik % 77,5era igaro da. Enpresa guztiek erabiltzen dute internet, eta % 97,7k administrazioekin izapide elektronikoak egiten dituzte.